Uxue Apaolazak, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak jasoko dituzte Euskadi Sariak

Apaolazaren 'Bihurguneko nasa', Bilbaoren 'Barruko hotsak' eta Mutuberriaren 'Irrimola' lanei egingo diete aitortza.

Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen saridunen berri eman dute. Euskarazko Literaturaren alorrean Uxue Apaolaza Larrearen Bihurguneko nasa (Susa) aukeratu dute irabazle; Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan, Leire Bilbao Barruetabeñaren  Barruko hotsak (Pamiela); eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitatean, berriz,  Maite Mutuberria Larrayozen Irrimola (Ikaselkar).

Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia eta haien iritziz Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du". Horretaz gain, "prosa gihartsua, elaborazio literario zehatzaren nolabaiteko gordintasuna eta hizkera" ere azpimarratu dute. 

Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatutako epaimahaiak hautatu du Leire Bilbaoren Barruko hotsak lana, eta honako hau nabarmendu dute: “Forma aldetik, poesia bisuala dela, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen duena”.  Gaineratu dutenez, “belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio-, maketazio- eta ilustrazio-lan bikaina”. Hain zuzen ere, Maite Mutuberriarenak dira liburuko ilustrazioak. 

Javier de Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiaien izan dira Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateko epaimahaiak eta haien hitzetan, “Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat”. Epaimahaiaren ustez Mutuberriaren lanak “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen. Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena".

Sari banaketa azaroaren 24an
Donostiako Tabakaleran egingo da sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 24an. Guztira zazpi sari banatuko dira eta datorren astean iragarriko dituzte falta diren gainontzeko laurak: Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Literatura Gaztelaniaz. 

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.