Usopopek aurkezten du: Ipuruan festibala

Dantza eta musika bikainez lagundurik, inguru paregabeaz eta giro jatorraz gozatzeko parada eskaintzen du Usopop elkarteak. Jaialdia azaroaren 1, 2 eta 3an ospatuko da Saran (Lapurdi).

Ipuruan, Usopop elkarteak antolatzen duen hitzordu berriaren izena da. 2010etik 2020ra Usopop festibalaren izenpean eta 2022an Mapa Galduak festibala antolatu ondoren, jaialdi berria ospatuko da azaroaren 1etik 3ra Saran (Lapurdi).

Ipuruan jaialdi berriarekin, Usopop elkartearen xedea musika eta dantza herrikoi berritzaileen inguruan belaunaldi ezberdinak elkartzea da. Horregatik asteburua hiru hitzordutan banatuko da:

Azaroaren 1a Jantzari filmaren proiekzioarekin hasiko da eta konferentzia batek jarraituko du. Euskal kultura tradizionalean parekidetasunaren gaia aipatuko da eta azken urteetan izan diren bilakaeren berri emango da.

Azaroaren 2an, egun osoan zehar, probintzia ezberdinetako dantzak lantzeko lantegiak eskainiko dira eta azkenik, arratsaldez, kiroldegian, Bilaka konpainiak, Bilabal dantzaldia eskainiko du, hurbilko den oro dantzan jarriz. Musika ere ez da faltako Lorena Alvarez, Anari eta Atzarbal musikariekin batera.

Igandean, azaroaren 3an, 11:30ean dantza poteoa izango da Sarako plazan. Ondoren, 16:00etatik aurrera, Santa Katalina, kaperan Verde Prato eta Tarta Relena arituko dira.

Informazio guztia usopop.com webgunean duzue.