Usainak zehaztasun handiagoz identifikatzeko gai den sudur elektronikoa garatu du zientzialari talde batek
Geruza sentsoreetako batek hamar aldiz sentikortasun handiagoa eta erantzun-denbora azkarragoa du.
IMDEA Nanozientzia Madrilgo Ikerketa Aurreratuen Institutuak eta Milango Sacre Cuoreko Università Cattolica-k usainak inoiz zehaztasun handienez detektatzeko gai den "sudur elektronikoa" garatu dute, konposatu organiko lurrinkorrak bereizi ahal izateko. Amoniakoa, nitrogenido dioxidoa eta azetona hauteman ditzake besteak beste.
Journal of the American Chemical Society aldizkarian argitaratu dute ikerketa eta bertan azaldu dutenez, usaimen-sistema artifizial gisa jarduten duten gas-sentsoreetan oinarritzen da teknologia hori. Pareta bakarreko karbono-hodi txiki batzuek osatzen dute sistema, eta gas jakin batzuekin kontaktuan jartzean erreakzionatzen dute. Estaldura berezi bati esker, detektatzen dituen substantziak bereizten ditu.
Karbono-hodien gainazala oso sentikorra da molekulen aurrean eta sentikortasun maila horren ondorioz, oso gaitasun txikia zuen gasen artean bereizteko. Arazo hori konpontze aldera, hodi nimiñoak eraztun formako molekulez estali zituzten zientzialariek. Hala, hobeto bereiz ditzake gasak elkarrekin nahastuta daudenean.
Teknologia hau airearen egoera zaintzeko, gas kutsatzaileak detektatzeko eta hatsaren analisiaren bidezko diagnostikoetarako erabili ahal izango omen da etorkizunean.