Urtegiaren mehatxua Patagonian

Santiagon diktadura ostetik ezagutu den manifestazio jendetsuenean 30.000 lagun bildu dira 'Patagonian urtegirik ez!' lelopean. Valparaiso, Temiuco, Concepcion edo La Serena hirietan ere izan dira protestak. Enpresa talde indartsu batek, tartean Endesa espainiarra, datozen urteetan bost urtegi eraikiko dituela jakinarazi du Txileko Gobernuak. Patagonia munduaren azken mutur gisa ezagutzen da geurean ere Korta, Oiartzabal eta enparauen telebistako abenturei esker. Eremu natural zabala, basatia, gizakiaren arrastorik gabea… Ba, hormigoia iristear da, itxura denez, lurraren azken muturreraino ere.