Urte berriko erronka pisua galtzea bada, kontuan izan beharko zenituzkeen zenbait kontu
Osasunak, pisuarekin baino, geure ohiturekin du zerikusia. Hori dela eta, zentzuz jokatu eta neurtu egin behar ditugu egin beharreko aldaketak.
Batzuetan pisua galdu nahiak itsututa, osasunerako mesedegarriak ez diren edota egokiak ez diren zenbait jokabide izaten ditugu. Hori dela eta, hona hemen saihestu beharreko zenbait kontu:
- Elikagaiak baztertu besterik gabe. Batzuetan karbohidratoak saihestu nahi izaten ditugu kosta ala kosta. Kontuan izan behar da, ordea, karbohidrato guztiak ez direla berdinak eta konplexuak direnak, energia pixkanaka emango digutenak, ez direla besteak bezalakoak. Halakoetan, nutrizionista batek lagun gaitzake zer jan, noiz eta nola planifikatzen.
- Otordu batzuetan kale egin. Otordu batzuetan jan gabe geratzeak ez du esan nahi azkarrago argalduko garenik. Horrek gosea handitzen du eta baita modu konpultsiboan jateko arriskua ere.
- Modako dietekin kontuz. Batzuetan entzuten dugun edozer probatzeko irrika izaten dugu, baina guztion gorputzak, egoerak eta beharrak ez dira berdinak. Hori dela eta, halako dietek gabeziak izan ditzakete edo galdutako pisua azkar berreskuratzea eragin dezakete, ez baititu bakoitzaren beharrak kontuan izaten.
- Pisuarekin obesionatzea. Halakoetan, pisu gainera sarri igo eta zenbat jaitsi den jakiten tematzen gara. Eta beheranzko norantza moteltzen denean, geure motibazioari eragiten dio. Osasuna eta osasun ohitura onak hartzea, ez da pisuak markatzen duen zenbakiarekin neurtzen eta ez da horren erakusle zuzena. Beraz, frustazioari izkin egingo diozu horrekin obesionatzen ez bazara.
- Muturreko helburuak jarri. Batzuetan ohituretan aldaketa handiak jartzen ditugu helburu eta horrek ere frustrazioa eta ohitura berriak baztertzea ekar lezake. Hobe da neurritsua izatea eta aldaketak txikiagoak eta aproposagoak izatea.
- Zeure burua ez zigortu. Batzuetan zorrotzegiak izaten gara geure buruarekin; ez dugu ondo egindakoa aitortzen eta huts egiteren bat egindakoan, gogor epaitzen dugu geure burua.
- Profesionalen aholkua lagungarri da. Gogoan izan onena profesional batengana jotzea dela, harek emango baitizu aholku eta laguntza onena, eta baita norberarentzat aproposena den planifikazio bat egiten lagundu ere.