Urriaren 6an itzuliko da 'Ztanda' musika lehiaketa

Bigarren denboraldian hamar lehiakide izango dira, eta Barbara Goenaga eta Iker Villa arituko dira aurkezle lanetan.

Ztanda musika talentu saioaren bigarren edizioa urriaren 6tik aurrera itzuliko da ETB1era. Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztuko dute saioa, igandero, "Euskal Herriko artistarik onena topatzeko helburuz". Epaimahaia, berriz, honako hauek osatuko dute: Leire Martinez abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa, Alex Sardui eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko

Aurten ere 13 lehiakide izango dira, eta hamar aste iraungo du lehiaketak. Miramongo platoan arituko dira eta ikusleek aukeratu ahal izango dute zein lehiakide kaleratuko den eta zein salbatu saio bakoitzeko amaierako dueluan. Lehiaketaren irabazleak 15.000 euroko saria lortuko du.

Lehiakideek garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere. Emanaldiak prestatzeko bi coach izango dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko, eta Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko.