Urriaren 6an eta 7an izango da Ondarroako VI. Marabilli Festibala

Bi egunetakoa izango da aurtengpan, baina ekintzaz betetako egitaraua osatzen ari dira.

Aitzol Aramaio zinegilearen omenezko Ondarroako Marabilli Festibala urriaren 6an eta 7an, ostiralean eta larunbatean, antolatuko da. Aurten bi egunetakoa izango da, “antolakuntza lanetan boluntarioak direnentzako ere errazagoa izateko festibala aurrera eramatea”.

Egitarauaren inguruko xehetasun batzuk ere aurreratu dituzte. Batetik, irailaren 29tik urriaren 8ra Yolanda Eizagirreren Marabilli argazki erakusketa zabalduko dute.

Urriaren 6an, 19:30etik aurrera, Marabilli Parade eta pelikula mozketa eta inaugurazioa izango dira. Jarraian, 20:00etan, Fermin Muguruza eta Arantxa Santestebanen master classa egingo dute. Zuzendariak euren sekuentzia kutunak azalduko dituzte. Gaueko hamarretan 10 minutu izeneko emanaldia egingo dute Amets Arzallusek, Maddalen Arzallusek, Asier Altunak, Iker Sanchezek, Irati Bilbaok  eta Ainhoa Moiuak. Hirugarren Marabilli Sormen Saria banatuko dute  gaueko hamaikak eta laurdenetan, eta Moonshine Wagon, Malandro eta DJ Elepuntok girotutako gaua hasiko da gauerditik aurrera.

Hurrengo egunean, urriaren 7an, Ttek elektrotxarangak joko du goizeko hamaiketatik aurrera, eta eguerdiko hamabietan, Joseba Sarrionandia Mielanjel Elustondo kazetariarekin solasean arituko da, Zergatik idatzi? galderaren inguruan. Aurretik, Musika zertzeladak izango da, Musika Eskolako ikasleen eskutik. Eguerdian egingo dute Ezinezko fuola Zaldupen, eta profesionalak herriko umeen aurka arituko dira. Era berean, Artibai ibaian, Boga ta sixe egingo dute, haur eta gazteak arraunean.

Arratsaldeko bost eta erdietan Ttek elektrotxarangak girotuko ditu bazterrak, Portutik Goikozinera. Seietan zine gala egingo dute eta Esti Urresolaren 20.000 erle espezie proiektatuko da. Seietatik zazpietara, Ttek elektrotxaranga, Goikozinatik Zubi Zaharrerako bidean ibiliko da. Zazpietatik zortzietara, aldiz, MAdE IN ONdARRU! nanoantzerkiak izango dira herriko gune desberdinetan. Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Txo! Antzerki kolektiboa eta Ondarroako aktoreak izango dira protagonista. Musika ere izango da kalean herriko taldeekin eta artisau erakusketa ere bai egun osoan.

Zortzi eta erdietatik aurrera, Tapia eta Leturia eta Emepebost izango dira agertokian. Gaueko hamarretatik aitzina Viva Belgrado eta Belakoren kontzertuak egingo dituzte eta gaztetxean jarraituko dute gaua. 

Egitaraua guztiz itxi gabe dagoela nabarmendu dute antolatzaileek, "Marabilliko egitarauari herritarrek ere ekarpenak egiten dizkiotenez, ia azken momentura arte egoten baita egitaraua bete eta bete". Aurrerago emango dute gainerako xehetasunen berri.