Urriaren 30ean hasiko dira Azpeitiako 44. Euskal Antzerki Topaketak

Hamabi obra ez ezik, eskola antzerkia, tailerrak, eta txotxongiloak izango dira egitarauaren barruan.

Antzezlanen beteko da Azpeitia azaroan, 44. Euskal Antzerki Topaketa egingo baitute urriaren 30etik azaroaren 22ra. Eskola antzerkiaz gain, antzerkizaleek hamabi obrez gozatzeko aukera izango dute. 

Horietako bat, Kepa Errastiren Sidari izango da. Umorezko antzezlan honek galdera hau du abiapuntu: "Zer da bizitzako bidelagun bat izatea eta zer forma hartu behar du bizitzako lagun batek?". 30 urte inguruko bikote batek Interrail bidaia egingo du harremana ospatzeko, eta bidean bikote helduago batekin egingo du topo. Haiek Greziako Sidari herrira joateko gomendatuko diete, eta han betiereko maitasunaren kondaira ezagutuko dute. 

Txalo konpainiaren Rigor Mortis komedia beltza aitona Rufinoren heriotzatik abiatzen da. Aitona ahoa irekita hil da eta alargunak ez du inork hala ikusterik nahi. Senitartekoak egoerari nola egin asmatu ezinik ibiliko dira, eta familiako harremanak eta sekretuak azaleratuko dira.

Ttanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98 desobedientzia zibila du gaitzat, eta haren funtzionamenduaz eta egungo gizartean haren bueltan dagoen beharraz gogoeta egiten du. 

Metrokoadroka konpainiak Bi baso bat ur taularatuko du Azpeitian. Dantzalekuaren erdian ezin mugiturik dauden lau pertsonen istorioa kontatuko du, modu alai eta sakonean. Tratu txarren osteko alaitasuna du hizpide.

Segurako Xirikara taldeak 1980ko hamarkadan arraskata handia izandako Ama begira zazu antzezlana oholtzaratuko du, esketx batzuk gaur egunera egokituta. Donostiako Barrexerka taldeak, berriz, Patatekin antzezlana erakutsiko du. 

Eskola Antzerkiak ere izango dira azaroaren 9tik 13ra bitarte. Dinamoan gaztetxoekin egiten diren antzerki tailerretan urte osoan landutakoa erakutsiko dute, eta beste herri batzuetatik ere bertaratuko dira antzerki eskoletako taldeak.

Kaleko antzerkia, txotxongiloak eta sorkuntza tailerrak
Beste hainbat jarduera ere izango dira Dinamoa sormen gunean. Azaroaren 7an, Hortzmuga amestuz txotxongilo tailerra izango da haurrentzat. Azaroaren 21ean Munstro eszenikoa performance tailerra egingo dute, eta azaroaren 7an, berriz, Grama kolektiboaren Birakolore kale antzerkia izango da Perez Arregi plazan.

Antzerki Topaketen bueltako egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.