Urriaren 14ean, deskonkista kolektiboa Donapaleun

Orain dela bost mende, urri erdialdean, Nafarroak espainiar armadaren aurrean amore eman zuela zirudienean, 'Liberazio Armada' batu zen Donapaleun. Nafarroa independentzia berreskuratzeko zorian izan zen. Horregatik, gertakari haiek omentzeko, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak Deskonkista Kolektiboa aldarrikatuko du datorren urriaren 14ean Donapaleun bertan. Goizetik gauera arteko festa eguna izango da. 


Euska Herriko nahiz Gaskonia, Bearno eta Herrialde Katalanetako "lagun eta ahaide" guztiei luzatu diete deia, 1512-2012 Nafarroa Bizirik-eko kideek jai jendetsua nahi baitute.
Karrika ikuskizunak; Deskonkista ekitaldia; animazio-aperitifa; herri bazkariak; eskualdeko kantariak; nahi beste musika, dantza eta bertso; Iñaki Perurenaren erakustaldi harri-garria; Buuzburen kontzertua eta... festa nahi beste luzatzeko aukera gaztetxean! Planik behintzat ez da faltako urriaren 14an Donapaleun.

Autobusez joteko
Donapaulera joateko autobus zerbitzuak eskainiko ditu antolakuntzak.
Tuteratik abiatzeko: Haize Hegoako Fontsoren bitartez (646 43 17 11)
Iruñetik abiatzeko: Mañueta karrikako 1512-2012 dendan, edo     bizirik2012@gmail.com-en bidez.
Txantreatik abiatzeko: Tiketak salgai Harpea Tabernan.


Historia apurrak


1512ko uda bururatzerako, Nafarroak amore eman du espainiar armadaren aitzinean: Erresuma konkistaturik dago. Osoki? Ez! Donapaleura biltzen ari dira, merinalde guztietatik iheska jin patriotak, eta bertan, Liberazio Armada osatzera deitu dute iraila hondarrean: “Erresuma neutrala indarrez usurpatu, okupatu eta tiranizatu” dutenen kontra. Bi aste geroago, milaka boluntarioz osatu oldea abian da Iruñera buruz; Hiriak eta eskualdeak altxatu dira, eta 1512ko urriaren erditsuan Nafarroa bere Independentzia berreskuratzeko zorian da…

Egitarau zabalago baten baitan


Nafarroak bere burujabetza berreskuratzeko egin zuen lehenengo saiakeraren V. mendeurrenaren harira, hilabete osoko egitaraua prestatu dute, eta horren parte da urriaren 14an Donapaleuk hartuko duena.

IRAILAK 22, GARRÜZEN
15:00etan: Merkatu Gelan, hitzaldia Peio Monteanoren eskutik. La Baja Navarra en tiempos de la conquista (zuzeneko itzulpena euskaraz eta frantsesez)
17:00etan: harri pausatzea 1512ko desmasiak oroituz.
21:00etan: Danserie Ensemble taldearen kontzertua elizan.


IRAILAK 28, BASTIDAN
20:00etan: Gartxot Trinketean, Hitzaldia Antton Kurutxarriren eskutik. La Conquête de la Navarre.
21:00etan: Gartxot filmaren proiekzioa.

IRAILAK 29, DONIBANE GARAZIN
18:00etan: Herriko Etxean, Hitzaldia Iñaki Sagredoren eskutik: El sistema defensivo de Baja Navarra (zuzeneko itzulpena euskeraz eta frantsesez).

URRIAK 5, BAIGORRIN
21:00etan: Gartxot filmaren proiekzioa Zinemagelan. Ondotik, solasaldia Antton Kurutxarri eta Asisko Urmenetarekin.

URRIAK 14
DENOK DONAPALEURAT !