Urriak 13: Bularretakorik Gabeko Eguna
Urriaren 13an, mundu osoko emakumeak batzen dira "No Bra Day" edo Bularretakorik Gabeko Eguna ospatzeko. Egitasmo honek bularreko minbiziaren detekzio goiztiarraren garrantziaz kontzientziatu nahi du.
Data 2011n sortu zen sare sozialetan eta emakumeei gonbitea luzatzen die, egun batez bada ere, bularretakoak etxean uztera. Izan ere, bularreko minbizia emakumeen artean ohikoena da, eta urtero munduan milioika emakumeri erasaten die. No Bra Day eguna, azterketak erregularki egitearen garrantziaren oroigarria da eta gure gorputzeko edozein aldaketaz ohartzeko beharra jarri nahi du mahai gainean.
Egun honek, igande honetan ospatuko denak, feminismoaren inguruko gaiak ere azaleratu ditu, hala nola gorputz askapenarenak. Zenbait emakumek, Bularretakorik Gabeko Eguna emakumeen gorputzari ezartzen zaizkion estandar sozialak ezbaian jartzeko eguna dela ere uste dute, nahiz eta foku nagusia bularreko minbiziaren aurkako borroka izan.
Hona hemen bularrean koskorrak ote ditugun atzemateko oinarrizko gida bat:
1. Aukeratu aproposa den momentua: Hilekoaren zikloa igaro eta astebetera egin autoebaluazioa, bularrak ez direnean horren sentikorrak.
2. Leku erosoa aurkitu: Ondo argiztatutako leku lasaia topatu.
3. Behatu bularrak ispiluaren aurrean: Zutik zaudela aztertu zure bularren forma, neurria eta azalera (koskorrak edo kolore aldaketa) edozein aldaketa bilatzeko.
4. Besoak altxatu: Igo besoak burutik gora eta begiratu bularren forman aldaketarik ba ote dagoen.
5. Aztertu bularrak eskuak erabilita: Zutik, eserita edo etzanda egin dezakezu. Hatzaren puntarekin bularrek ukitu modu hauetara:
-Zirkulu formako ukitzea: Bularren kanpoaldetik hasita, zirkuluak egin erdialderaino.
-Lerro zuzen bidezko ukitzea: Mugitu hatzak lerro zuzenean, goitik behera edo alde batetik bestera.
-Presioa egin: Minik eman gabe, baina presioa eginez ukitu bularrak.
6. Ez ahaztu beso azpiak: Beso azpiko eremua ere ukitu, baita bularraren goiko eremua ere. Leku horietan ere agertu litezke koskorrak.
7. Erregularki errepikatu: Autoazterketa hilean behin egin, zure bularretara ohitu edozein aldatzeaz ohartu ahal izateko.
8. Zerbait bitxia aurkitzen baduzu, medikuarengana jo: Kosko bat edo azalean aldaketa bat sumatzen baduzu edo kezka sortu dizun beste edozer, jarri profesional batekin harremanetan.
Gogoratu autoazterketa gomendagarria dela, baina ez dituela medikuen arreta zerbitzuak ordezkatzen.