Urrezko Globoak, aktibismoz jantzita

Beltza nagusi izan da aurtengo Urrezko Globoetan, eta sariek ere argi utzi dute gauzak aldatzen ari direla zinemaren industrian; emakumeen unea iritsi da.

Igande honetan izan da Urrezko Globoen zinema festa; lo harrapatu bazaitu lasai, hemen duzu aurtengo edizioan gertatu dena.

 

1) TIME'S UP

Ez da kasualitatea; aurtengo Urrezko Globoetan, beltza izan da nagusi. Aktore eta zuzendari gehienak, ez bakarrik emakumeak, beltzez jantzi dira edizio honetan, sexu jazarpena salatu eta berdintasuna aldarrikatzeko Time's Up (aski da) lelopean. #WhyWeWearBlack traola erabiliz, aktoreek beren arrazoiak azaldu dituzte sare sozialetan; horrekin batera, hainbat aktorek aktibistak aukeratu zituzten bikotekide bezala: Emma Watson Marai Larasi genero aktibistarekin azaldu zen, Susan Sarandon Rosa Clemente kazetari eta ingurugiroaren aktibistarekin eta Meryl Streep Aijen Poo Etxeko Langileen Aliantza Nazionaleko zuzendariarekin.

 

2) IRABAZLEAK:

Argi eta garbi, gaueko irabazleak emakumeak izan ziren, The Handmaid's Tale eta Big Little Lies telesailen sariek islatu zuten moduan. Gainera, gaueko diskurtsoetan hainbat aldarrikapen entzun ziren, beti, berdintasun ekonomikoa, emakumeentzat errespetua eta onespena eskatuz.

*Gainontzeko saridunak ikusi nahi badituzu sakatu hemen.

 

3) OPRAH WINFREYREN HITZAK

Gaueko une garrantzitsuenetako bat Oprah Winfrey aurkezlearen eskuetatik iritsi zen. Bere hitzek mundu guztia zutik jarri zuten, negarrez eta txaloka. Emakumeen eta beltzen sufrimenduaz hitz egin zuen, garaiak aldatzen hasi direla aldarrikatuz: "Asko sufritu duen jendea elkarrizketatu dut, eta denek komunean dutena mundu hobea eraikitzeko esperantza da. Nahi dudana hau da; hau ikusten ari diren neskato guztiek jakitea egun berri bat hasi dela, eta egunsentia iristen denean, emakume harrigarrien lanari esker eta gizonen babesari esker iritsi dela jakin dezatela. Unea iritsiko da non MeToo (ni ere) esatea ez den beharrezkoa izango".

 

 

4) SARE SOZIALEK GEZURRA DIOTE

Ez, argazki hau ez zen atzo egin. Maggie Smith aktorea ez zen gorriz joan atzoko galara, beltzeko aldarrikapenari kasu egin gabe; sare sozialetan aireratutako argazki hau 2016koa da.

 

5) GIZONEZKO ZUZENDARI GUZTIAK:

Natalie Portmanek argi utzi zuen saria ematerakoan nominatutako zuzendari guztiak gizonak zirela: