Urmia lakua urik gabe

Urmia hiri alboan, Iran iparraldean, izen bereko lakua urik gabe ari da gelditzen. Gobernuak 35 presa eraiki ditu berau elikatzen duten ibai ezberdinetan, eta ondorioz, munduko ur gaziko laku handienetarikoa izandakoa lehortzen ari da. Bere azaleraren laurden bat, ehunka kilometro, gatzezko desertu bilakatu da dagoeneko. Haserrea areagotuz joan da inguruko herrietan, Urmian eta Tabrizen, eta baita atxilotuak ere, 300 inguru azken protestaldietan. Bertakoen ekonomiarako ezinbestekoa da lakua osasuntsu mantentzea, eta lehen emigrazio andanak eragin ditu krisiak.