Unax Ugalde: "Fisikoak asko laguntzen dit"

Gaur egun Euskal Herriko gaztetxoen artean inkesta egin eta mutilik sexy-ena nor den galdetuko bagenu, Unax Ugalde lehenengoetakoa izango litzateke, zalantza izipirik gabe. Lehena, beharbada. Baina erakargarria izateaz gain, Unax azken urteotako euskal aktore gazterik emankorrenetakoa ere bada. GAZTETXULOn berarekin mintzatu gara. 


Azken bi urteotan ikaragarri ospetsu bihurtu zara. Oso pisutsua al da ospearen "zama"?
Presio handia dago eta toki guztietatik, gainera, bai arlo pertsonalean, baita lanbidean ere. Beraz, buru hotzez eraman behar da. Askotan ezin duzu sentitzen duzuna esan.

Hortaz, zure burua zentsuratzen duzu.

Ez, nik gauzak modu batera ikusten ditut eta beharbada, inork ez luke nire bizitza ulertuko. Horregatik, zenbait gauza azaltzea alferrikakoa da, jendeak ulertzen ez baditu.

Neska pila duzu atzetik, ezta?

Bai, egia da. 

Ba al duzu neska lagunik?

Hori nire bizitza da.

Ongi da. Ez al da batzuetan astunegia "fan"-ak atzetik izatea?

Hori kontrolatzen ere jakin behar da. Ni Gasteizera, ostiral arratsaldeko 19.00etan, Kutxi kalera banoa, badakit ezin dudala hamar metro lasai-lasai paseoan ibili.

Askatasuna galdu duzu, beraz.

Bai, dudarik gabe.

Eta non dira astunagoak "fan"-ak, Euskal Herrian ala Madrilen?

Bakar batzuk albo batera utzita, oro har, ez Madrilen, ez Euskal Herrian, "fan"-ak ez dira astunak. Kontua da beharbada madrildarrak telebista munduko jendea ikusten ohituago daudela. Dena den, Euskal Herrian errespetu handia somatu dut beti.

Ederra zarela uste al duzu?

Ni lanbide honetan buru-belarri ari naiz, nire lana eskaintzen dut eta fisikoak asko laguntzen dit; jabetuta nago horretaz. Telebistan lan egiteko fisikoa oso garrantzitsua da. Telebista piztu eta berehala konturatzen zara fisikoaren garrantziaz. Talentua edo gaitasuna, aldiz, ez da hainbeste kontuan hartzen. Gaur egun, esaterako, talentu gehiago dago eskola askotan telebistan bertan baino.

Zintzoa zarela dirudi, hori ez baitu edonork esaten…

Egia da eta! Zinean eta telebistan dena begitetatik sartzen da, eta fisikoa garrantzitsua da. Tristea da, baina halaxe da.

Estetika ere zaintzen omen duzu: kokozpeko bizarra, buruko zapiak…

Estetika zaintzen dudala uste al duzu? Estetika zainduko banu, bizarra kenduko nuke! Kar, kar, kar… Tarteka look-a aldatzea gustatzen zait, baita lanean ere: pertsonaiei bizarra jartzea eta kentzea, ile horia ipintzea… Horrez gain, orain film bat egingo banu, bizarra kenduz gero, pertsonaia egiteko beste aurpegi bat, ezezaguna, erakusteko aukera izango nuke, eta hori oso gustukoa dut.

Duela hiru urtetik Madrilen bizi zara. Gasteiztik zer duzu falta?

Gurasoak, lagunak… eta hiri osoa. Dena dut falta. Madrilen, hala ere, gustura nago.

Parrandazalea al zara?

Bai, noski.

Nongo parrandak nahiago dituzu, Gasteizkoak ala Madrilgoak?

Lagunekin bada, edonon ibili daiteke parrandan.

Gaur egun Espainiako Tele 5eko "Periodistas" telesailean ari zara. Zer moduzko esperientzia da?

Nire pertsonaia argazkilaria da, eta "Periodistas"-en argazkilariek ez dute inoiz protagonismo handirik izan. Pertsonaia pixkanaka-pixkanaka gora doa, atal batzuetan gehiago azaltzen naiz, beste batzuetan gutxiago, baina hala ere, gauza polita da, eta ni pozik nago.

Azken boladan, kazetari, polizia, abokatu edota sendagileei buruzko telesailak ugaltzen ari dira zenbait telebistetan. Irudimen falta al dago?

Ez dakit bada. Niri gaur egun Tele 5eko "7 vidas" telesaila gustatzen zait gehien: gidoi onak ditu, elkarrizketa biziak, salaketa asko, ironia… Umore azkarra da.

Lanbideekin lotutako telesailen azken emaitza, Espainian, "Mi teniente" da, Goardia Zibilari buruzkoa. Euskalduna izanda, ez al dizute lantxoren bat eskaini…?

Bai, paper txiki-txiki bat eskaini zidaten. Izan ere, zuzendaria nire laguna eta "Bailame el agua" filmaren egilea da, Josetxo San Mateo. Berak badaki nolako telesaila den, zer sinatu duen. Erabilitako diruarekin oso zaila zen honelako telesaila egitea eta denek bazekiten Espainian hori Josetxo San Mateok baino ezin zuela zuzendu. Ni oso harro nago bere laguna izateaz. Gidoiaz, bestalde, ez dugu hitz egingo, ondotxo baitakigu denok nolakoa den…

Gazteei buruzko telesailak ere modan daude. ETB 1-en bertan "Hasiberriak"-ekin gora eta behera dabiltza. Ez dirudi telesailok gazteen errealitatea oso ongi islatzen dutenik, ezta?

Ez. Telesailek ez dute inoiz errealitatea erakusten. Nik lagun kazetari pare bat dut eta "Periodistas"-en ikusten den guztia gezurra dela esaten didate. Telesailak fikzioa dira. Jendeak esan ohi du telesailek ez dutela gazteon errealiatea islatzen, inor ez dela etxean bakarrik bizi… Gauzak ikusten ikasi behar da, ordea. "Gran Hermano" hasi zenean, adibidez, denek kakazaharra zela zioten. Niri, aldiz, gustatzen zitzaidan, banekien zer ikusten ari nintzen, eta aktore gisa, jendearen jokamoldeaz asko ikasi nuen.

Barbara Goenaga aktore gazte gipuzkoarra ere Madrilen bizi da. Zergatik alde egin duzue Euskal Herritik?  

Aurrera egiteko, ekoizpen handiagoetara jo behar da, eta ekoizpen handiak Madrilen daude. Bartzelonako eta Sevillako jendea ere hona etorri ohi da. Ez dut esango telebista autonomiko batean ezinezkoa denik lan on bat egitea, baina hemen aukera gehiagoa dago, zinean, antzerkian… Jendea, aukera badu, hona etortzen da.

Noiz lan egin behar duzu euskaraz?

Antzezlan txiki bat izan ezik, euskaraz ez dut sekula ezer egin.

Eta ez duzu ezer egiteko asmorik?

Bai, badut zerbait eskuartean, baina ezin dizut ezer aurreratu…

Ezkutupean duzun zaletasun baten berri eman digute: poesiak edo gogoetak idaztea izugarri atsegin omen duzu…

Bai, poesiak baino, burura datozkidan gauzak idazten ditut: ideiak, film laburrak, sentimentuak… Askotan taberna batean nagoenean, burura zerbait etortzen zait, eta papera hartu eta idatzi egiten dut. Gero, idatzi horietako batzuk gorde eta noizean behin irakurtzen ditut eta beste batzuk, berriz, galdu edo puskatu egiten ditut.

Ez al duzu idatzi horiek argitaratzeko asmorik?

Baita zera ere! Dena dela, argitaratuz gero, zur eta lur geratuko lirateke asko!

Natura eta batez ere itsasoa oso gogoko duzu, ezta?

Bai, nik Itsas Zientziak ikasi nahi nituen Kanarietan. Txikitatik itsasoa asko gustatu zait. Noizbait Madril utzi eta euskal kostaldera joango naiz bizitzera. Ez naiz hemen bizitza osoa geratuko!

Goraka doan gaztea


Unax Ugalde. Gasteiztarra. 1,78 metro eta 65 kilo. Azaroaren 27an 23 urte beteko ditu. Duela hiru urtetik hona ez da geldirik egon, lan ugari egin ditu telebistan eta zinean. Hemeretzi urte zituela, ETB 2ko “Entre dos fuegos” telesailean hasi zen. Ondoren, A3ko “Condenados a entenderse”, TVE 1eko “A las 11 en casa” eta Tele 5eko “El Grupo”-n aritu zen, azken telesail honetan Barbara Goenagarekin. Hiru film luzeetan ere parte hartu du: “Mi dulce”, “Bailame el agua” eta oraindik estreinatu gabe dagoen “Las Bellas Durmientes”. Pablo Malo egile donostiarraren “Jardines” film laburrean ere lan egin zuen. Zalantzarik gabe, azken urteotako euskal aktore gazterik emankorrenetakoa da.