Unai Requejoren argazki erakusketa jarri dute Bilboko Rekalde aretoan
Urriaren 1era arte bisita daiteke erakusketa.
Unai Requejo artistak egindako argazki-erakusketa paratu dute Rekalde aretoko erakusleihoan urriaren 1era arte. Hitz-joko eta anagramen jokoan oinarritutako lana da: Kontserbazioa - Elkarrizketa- Bertso-kanta - Euskal txokoa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "irudien arteko elkarrizketa bat da erakusketa, eta irudi baten gaiak hurrengo irudiari daude lotuta. Atmosfera eta argia aldatzen dira bat-batean, eta haien arteko elkarrizketak sortzen doaz".
Bertso-kanta izeneko anagramak honako hau adierazten du: beti sortu daiteke istorio edo harreman bat ustez interesik gabekoak diren leku edo egoeretatik. Euskal txokoa izenekoan, beririz, Etxetxuko orubea agertzen da, non marra bertikal batekin markatuta baitaude pilotalekuaren txokoaren edo txoko bitxi baten ideia, baina "leku ez diren eta ertzei erreferentzia egiten dien ideia bat ere bada". Ideia horri lotuta, erakusketaren antolaketa atlas bat dela esan daiteke.
Bestalde, txoko bitxi batzuk ere badira ikusgai, hala nola Barrikako itsaslabarrak, Muskizko findegia gauez edo Bilboko Superportua handitzeko obren lehenengo egituretako bat, 1996. eta 2011. urteetan ateratako argazkiekin.
Unai Requejo (Santurtzi, 1982) artista eta irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean, eta alor askotan aritzen da, besteak beste, bideoa, soinua, argazkigintza eta marrazketa. Zenbait artista-liburu argitaratu ditu eta banakako erakusketak egin ditu Euskal Herrian, eta erakusketa kolektiboetan ere parte hartu izan du hala nola Portugalen, Estatu Batuetan, Marokon eta Txinan. Ertibil Bizkaian bigarren saria lortu zuen 2011n. Bestalde, ikus-entzunezko soinu bandak egin ditu.
Jarduera osagarriak
Erakusketa osatzeko, tailerra eta bitartekaritza-jarduera egingo dituzte. Irailaren 21ean, Unai Requejo artistak bi orduko tailerra eskainiko du, eta haren jardun artistikoaren inguruko hausnarketa egingo dute bertan. Saio horretan, ibilbide bat egingo da erakusketatik, eta artistaren sormen-prozesuaren inguruko ariketa bat proposatuko da.
Irailaren 29an, ECOS programaren baitan, sormenezko bitartekaritza-jarduera egingo da, eta beste artista batzuk gonbidatuko dira Rekalde aretoko erakusketekin hartu-emanak izan ditzaten.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta aurrez eman behar da izena 94 406 85 32 telefono-zenbakian edo salarekalde@bizkaia.eus helbide elektronikoan.