Umorezko Literaturaren eta Artearen jaialdia Bilbon

Hainbat solasaldi izango dira egunotan eta igandean 'Kar Kar Festa' egingo dute, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak aurkeztua, eta umorezko bi ikuskizun aurkeztuko dituzte.

Ja!, Umorezko Literaturaren eta Artearen XII. Nazioarteko Jaialdia egiten ari dira Bilbon hilabete hasieratik, eta igandera arte iraungo du egitarauak. Hitzaldiak, elkarrizketak, proiekzioak, antzezpenak, erakusketak eta irratsaioak antolatu dituzte, Bilbo erdigunean dauden bi entzunaretotan: Elkarte Filarmonikoaren Aretoa eta BBK Sala. Umoreak −zentzurik zabalenean− arteetan orokorrean eta literaturan bereziki duen garrantzia azpimarratzea du helburu jaialdiak. 

Edizio honetako protagonisten artean daude, besteak beste, Flavita Banana, Herve Le Tellier, Elena Sierra, Rodrigo Cortes, Joaquin Reyes, Azul Tejerina, Josune Velez de Mendizabal, Ane Gebara, Gaizka Chamizo, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Maruja Torres, Edu Galan eta Bob Pop.

Egitarauari dagokionez, gaur Cristina Fernandez Cubas eta Pedro Ugarteren solasaldia izango da eta bihar Joaquin Reyes eta Azul Tejerinaren artekoa. Ostiralean, Emilia Pardo Bazanen heriotzaren mendeurrenaren aitzakian, haren inguruan arituko dira Isabel Burdiel, Antonio Orejudo eta Carolina Ontivero. Horretaz gain, egun horretan bertan Oscar Tusquets eta Luz Sanchez Mellado ere arituko dira hizketaldian.

Larunbatean Umore Grafikoaren VII. Eskola Lehiaketaren epaia jakinarazi eta sari banaketa egingo dute 12:00etan, Erriberako merkatuan. Bestetik, landa-fenomenoari buruzko literaturaz hausnartuko dute Daniel Gascon eta Mathias Enard-ek. Beste solasaldi bat ere izango da iluntzean, Philippe Lançon eta Cesar Cocaren artean.

Igandean, berriz, Kar Kar Festa egingo dute, 18:00etan, Filarmonica aretoan. Euskal umorearen gala izango da Mikel Martinez eta Patxo Telleriak gidatua. Txiste eta ahozko dueluen artean, umore zentzugabez betetako bi ikuskizun aurkeztuko dituzte: Tranpola eta Metrokoadroka antzerki-taldeen Txilin hotsak, Ane Gebara eta Josune Vélez de Mendizabal protagonistekin; eta Tartean teatroak ekoiztu eta Goiatz Labandibarrek sortutako Salaketa obra, Mikel Martinezek eta Gaizka Chamizok interpretatua. Labandibarren antzezlanak sistema judiziala eta sinesteak kritikatzen ditu, eta kutsu kafkiarreko autoparodia bihurtzen da. Azken eguna beste solasaldi batekin amaituko dute, Bob Pop, Maruja Torres, eta Edu Galanekin. 

Erakusketa metroan
Bilboko Metroan Flavita Bananaren umorezko binetak ikus daitezke, Indautxuko, Moyuako eta Alde Zaharreko geltokietan. Egilearen binetetan umore garratza eta zorrotza da nagusi, eta askotan istilua eta zentsura eragiten dute, sare sozialetan bereziki.

Horretaz gain, Eskola Umore Grafikoaren VII. Lehiaketako lanekin erakusketa jarriko dute Erribera merkatuan abenduaren 27tik aurrera.