Umorea eta barrea izango dira nagusi Bilboko klun jaialdian
Sei ikuskizun izango dira guztira euskal konpainien eta kataluniar baten eskutik.
Bilboko Udalak Deustualdeko Klown Jaialdia izango du martxan otsailaren 17tik martxoaren 4ra arte, eta San Inazio - Ibarrekolanda eta Deustuko udaltegiak pailazo proposamenez beteko dira. Deustualdeko Klown Jaialdiak ikuskizun mota hau adin guztietako pertsonengana hurbiltzea du helburu. Udalak adierazi duenez, "tradizio handia duen diziplina da hau, konpainia askok egiten baitute beren lan eszenikoa umorea egiteko modu honetan. Ez da soilik haurren kontua, baizik eta oso modu interesgarrian, sakonean eta konplexuan hurbiltzen dizkie barreak gazte eta helduei”.
"Ibilbide artistiko zabala eta lehen mailako proposamenak dituzten izen handiko euskal konpainiek" parte hartuko dutela iragarri dute. Bertan izango dira Maite Guevara eta ¡Ahora! ikuskizuna; Virginia Imaz, Euskal Herriko klown emakumeen aitzindarietako bat dena eta 2017an Emakunde Saria jaso zuena, Molestias Clónicas proposamenarekin; eta Oihulari Klown konpainiak zuzendutako Gabe. Ziklo berri honetan Badut taldea ere egongo da ZirriBorro lanarekin, eta Monda Lironda pailazo bikote bizkaitarra Detektibeak ikuskizunarekin.
Lehenengo edizio honetan, egitaraua bertako sortzaileen proiektuekin betetzeaz gain, Cia Lolita Corina konpainia kataluniarra ere parte hartzera gonbidatu dute, Las gallegas obrarekin.
Programazioaren xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
