Umore beharrean? Barretartia!

Idoia Torregaraik 'Barretartia umore zerbitzuak' proiektua jarri du martxan; ezagutzen duzu?

Hodei beltzak uxatu, gorputza lasaitu eta aurpegian irribarre bat marraztu; umoreak sekulako onurak eskaintzen dizkio gorputzari eta adimenari, eta horregatik, umore zerbitzuak eskaintzeko proiektua jarri du martxan Idoia Torregaraik. Barretartia izena du, eta bertan,  umorea landu eta sustatzeko ikastaroak, hitzaldiak, aholkuak, ikuskizunak, artikuluak eta abar eskaintzen ditu.

 

2012. urtean bloga ireki zuen, umorea euskaraz egin eta umoreari buruz aritzeko. Orain, umoreari buruzko jakingarri, aholku eta abantailei toki zabalagoa eman nahi die Torregaraik. Horretaz gain, ikastaro desberdinak proposatuko ditu: umorea hezkuntzan, umorea eta sormena, umorea eta generoa, umorea egunerokotasunean, barreterapia… Bestetik, umoreari buruzko hitzaldiak ere eskainiko ditu eta banakako edo binakako bakarrizketak ere. Zeren zain zaude barrez lehertzeko?