Ukimenaren indar erotikoa
Ukimenak protagonismo nabarmena du bizitza erotikoan. Pentsa, euskarak berak jokabide erotikoak burutzeari larrua jotzea esaten dio, eta hortaz, larruazala hartzen du sexu kideen arteko harreman erotikoa deskribatzeko oinarritzat.
Gorputz osoa estaltzen duen larruazalak, nerbio amaierei esker, hotza eta beroa, leuntasuna eta laztasuna, gogortasuna eta biguntasuna, bereiz ditzake. Baita mina eta presioa ere. Inguruan ditugun objektuen berri ematen digu, haien formaren, trinkotasunaren, ehunduraren, tamainaren, pisuaren eta hezetasunaren berri, alegia.
Estimulu hauek guztiak jasotzeko errezeptoreak larruazaleko zenbait gunetan pilatzen dira bereziki eta, hain zuzen ere, horrexegatik dute gune horiek hain sentikortasun maila altua eta bizia.
Giza gorputzeko zuloak eta tolesturak, adibidez, plazer sentimendua eragiteko prestatuta daude fisiologikoki. Alua, uzkia, ahoa, belarri zuloak, behatz tarteak eta titiburuak dira horietako batzuk.
Dena dela, gizaki bakoitzaren gune erogenoak oso desberdinak izan daitezke, emakume eta gizon bakoitzak esanahi erotiko berezia aitor baitiezaioke gune jakin bati. Hala, gune horrek desioa pizteko eta plazera eragiteko botere handiagoa eduki dezake, berez eta fisiologikoki sentikorragoa den beste gune batek baino. Norberak guneei aitorturiko esanahia da gakoa.
Gure larruazalaren itxura eta kolorea ere asko aldatzen da zonalde batetik bestera. Eta ileek garrantzia dute horretan. Azken hau bereziki gustagarria ala bereziki desatsegina izan dakiguke eta, bere luzeraren, formaren eta loditasunaren arabera, besteak beste. Ondorioz, bizipenak ere anitzak izaten dira, pertsona bakoitzak modu partikularrean bizi baitu hori. Ukimenaz ari garenean, ilearen distribuzioa erakargarritasun faktore nabarmena da.
Bestalde, erantzun sexualaren fase ezberdinek ere desira, kitzikadura eta orgasmoa baldintzatzen dute larruazalaren itxura eta egoera. Azala gorritu egiten da zenbaitetan, zakila eta titiburuak gogortu, oilo-larrua, beroa, hotza, izerdia larruazalaren eraldaketa erantzun psikofisiologikoaren parte da.
Laztanekin jolasean
Laztanekin esploratuz, etekin handia aterako diogu zentzumen sakon eta erotiko honi. Gorputz osoan egin daitezke, goitik behera, aurretik eta atzetik. Gainera, presioa, mugimenduaren zentzua, abiadura, hezetasuna, tenperatura, laztantzeko erabiltzen den gorputz atala edota objektua aldatuz, fereka mota anitz lortuko dugu, plazer sexual bizia eskaini dezaketenak.
Ukimenak, beste gizaki batekin elkartrukean, norabide bikoitza du; geuk ematen eta eragiten duguna batetik, eta guri sentiarazten digutena bestetik. Gure arreta batean ala bestean jarrita, bizipena oso bestelakoa izan daiteke.
Bagina sarketa, hau da zakilarekin bagina laztantzea eta baginarekin zakila laztantzea, da ferekarik zaharrena, haren bitartez bermatu baita gizakion ugalketa. Fusio edo bateratze sentipenak areagotzen ditu, eta hezetasuna nahiz tenperatura beroak ditu ezaugarri, bereziki atseginak izan daitezkeenak. Uzki sarketa ere, hau da zakilarekin sexu kidearen uzkia laztantzea eta uzkiarekin sexu kidearen zakila laztantzea, antzinako fereka erotikoa da. Uzkiaren sarreran sentipen errezeptore kontzentrazio handia dagoenez, bereziki atsegina izan daiteke hau ere.
Ukimena, hizkuntza erotikoa
Sedukzioan garrantzitsua da ukimena, batik bat lehen kontaktuetan asko baloratzen delako ukimenaren bidez igorritako informazioa. Gainera, bikoteek berezko hizkuntza sortu ohi dute ukimenaren inguruan. Hala, zenbat eta elkar ukitzeko modu gehiago izan, orduan eta hizkuntza zabalagoa garatu ahal izango dugu, eta sentimenduak eta emozioak adierazteko aukera baliotsua da. Kilimak, atximurrak, larrua listuz bustitzea eta putz egitea, 'spanking' edo baimenarekin ipurdian zaplastakoak ematea, laztantzeko ilea erabiltzea, objektu anitzekin ukituak egitea, masajeak oso aberasgarriak izan daitezke.
Hizkuntza horrek beste forma asko ere har ditzake. Esate baterako, bikotekideak eskutik helduta ikustea ohikoa da kultura askotan; bien arteko lotura sinbolikoa fisiko bihurtzen dute modu honetan. Edo, belarria maitatuaren bihotzetik gertu ipiniz, haren taupadek larruazalean eragiten duten mugimendua senti dezakegu: bizirik eta elkarrekin gaudela seinale ukaezina.
Aukera anitzeko zentzumena dugu ukimena, beraz. Eta larruazala primerako baliabidea; gizakiok bi metro karratu larruazal baitugu, batez beste!
SEXESALDIA
Noel Clarasok esana: Maitasuna itsua da, baina bizilagunak ez
PROBATU AL DUZU?
Sexu kideari gehien atsegin zaizkion gorputz guneak marraztu bere larruazalean eta hark zuri zeuri gustatzen zaizkizunak. Gero komentatu asmatu duzuen ala ez. Elkar ongi ezagutzen al duzue?