Uholde arriskua duten eremuetan bizi zaren jakiteko mapa

DANA Valentziatik igaro zenetik hilabete inguru pasa diren honetan, gertakariaren larritasunak errealitate bat agerian utzi du: uholde-eremuak.

Badirudi, eremu horietaz gertakari latzak gertatzen direnean bakarrik oroitzen direla gobernuak. Izan ere, Espainiar estatuak klima aldaketaren arriskuekin lotutako txostena du, orain dela bi hamarkadatik hona eskura eduki dutena! Hobeto prestatuak egon zitezkeen, eta egokitzapen neurri hobeak har zitezkeen, baina ez zen egin. Ez dirudi agintariek euren jarrera aldatuko dutenik, beraz, hobe jakitea bizi zaren inguruneak uholdeak izateko arriskua duen ala ez, horren arabera informatu eta erabakiak hartzeko.

Nola informatu zaitezke?

Hego Euskal Herrian bizi bazara Trantsizio ekologikorako eta erronka demografikorako espainiar ministerioak erabiltzaileen eskura mapa
interaktibo bat du. Bertan, gune jakin batek uholdeak izateko arriskuak ote dituen ikusi liteke eta hemen kontsulta zenezake. Ikusi dezakezun bezala, estekan sartu eta berehala Espainiar estatuko mapa azaltzen da. Goiko menuan “árbol de servicios” deitutako aukera du. Bertan, zure herria bilatuz, uholde-arriskuak kontsultatzeko aukera dago, izan itsas korronteengatik edo ibaiengatik.


Uholde-arriskua duten guneak atzemateko datu erabilgarriak
Arriskua baxua, ertaina, ohikoa edo altua izan liteke. Gainera, azken hamarkadako datuak soilik erabilita ere kontsulta dezakezu mapa, baita 500 urte atzerakoak ere. Honela, berehala jakingo duzu gune horren istorioa naturala. Guztia koloreekin ezberdindua dago, argi ikus dadin. Dena den, oro har, uholdeak pairatzeko arrisku handiena ibai eta itsasoetatik hurbil dauden guneak dira, logikoa den bezala. Hala ere, ondo dago tresna honi begiratu bat ematea, duda guztiak argitzeko. Batzuetan, informazio horren oinarrizkoak ere ez baititugu ezagutzen.

Eta, bai, tamalez, Valentziako eremuan kontsulta azkar bat eginez frogatu daiteke DANAren ondorioz gehien kaltetutako eremuak uholde-arrisku handiena dutenak direla, hain zuzen . Datu hauek, jada bazituzten gobernuek eta hala ere ez zen inongo neurririk hartu.

Nolanahi ere, mapa hauek gauzak argi edukitzen lagundu diezaguke. Hortik aurrera, gizarte-presioa egin genezake indar politikoek eskualde zaurgarrienetan beharrezko neurriak aplikatu ditzaten. Izan ere, informazio hau funtsezkoa da etxebizitzak non eraiki erabakitzerako garaian, eta baita erosle bezala, non erosi erabakitzeko ere.