'Uhin Ultramoreak' zientzia eta teknologia podcasta sortu dute

Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileek gidatuko dute podcasta.

EITBPodkast plataformak zientzia eta teknologiari buruzko Uhin Ultramoreak podcasta estreinatu du. Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran zientzia dibulgatzaileek begi-bistan ez dagoena azaleratzea izango dute helburu, uhin-ultramoreek egiten duten gisan. 

EITBk jakinarazi duenez, zientzia eta teknologiaren arloko gai interesgarrienak aztertuko dituzte, ikusezina azaleratzeko teknika baliatuz, eta gaurkotasun zientifiko-teknologikoari errepasoa egingo diote, mito batzuk argituz. Besteak beste, historian zehar ezkutuan geratu diren emakume zientzialarien ekarpenak ere eskainiko dituzte.

Podcastaren jarraitzaileei interakzioa ere eskainiko diete sare sozialen bitartez, atalez atal eskainiko den soinu misteriotsua zerk sortzen duen asmatzera gonbidatuz. Podcastaren soinu edizioa Egoitz Etxebeste Adurizek egingo du.

Lehen atalean adimen artifizialaren erabilerari erreparatu diote, puri-purian dagoen gaia dela eta, batez ere arteari dagokionez.