UEU-ko udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik da
Hogei jardunaldi eta ikastaro izango dira ekainetik irailera.
UEUk udako ikastaroak egingo ditu, ekainetik irailera bitarte, euskal gizartean garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko asmoz. Eibar, Iruñea eta Baionako ohiko kokalekuez gain, aurten Bilbon, Tolosan, Usurbilen, Gasteizen eta Errenterian ere izango dira saioak.
Hogei jardunaldi eta ikastaro izango dira guztira. Hasiera ekitaldia Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan izango da, ekainaren 11n, eta bertan euskal komunitate zientifikoaz arituko dira, Inguma datu-basuaren 25.urteurrenaren aitzakian. Hurrengo egunean Tolosako kultur etxean bilduko dira, eta egungo testuinguruan arnasguneek euskarari ematen segitzeko zer behar duten hausnartuko dute.
Beste hainbat gaien inguruan ere jardungo dute: kooperatibosmoa, irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak, euskararen periferietako esperientziak eta oinarriak, Euskal Herria eta kolonialismoa, hezkuntza ikasle gorrentzat, literaturaren irakaskuntza, euskal literatura eta arte garaikidearen irakurketa feministak, analitika digitala euskarazko hedabideetan...
Bestetik, Gizarte Ekonomiako Euskal Ikertzaileen Topaketa, Filosofo Euskaldunen II. Bilkura, eta Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen XI. Bilkura ere egingo dituzte.
Ikastaroen inguruko informazio osoa hemen jaso dute.