Udazkenean Azkena rock jaialdiak edizio berezi bat antolatu du
Hamar egunetan zehar ospatuko den jaialdi berezia iragarri du Gasteizko Iradier Arenan. Bertan arituko dira, beste rock izen handien artean Lendakaris Muertos, El Drogas, Ezpalak edota Liher.
Orain dela aste batzuk iragarri zuten: aurten ere ez da Azkena Rock jaialdirik ospatuko pandemiaren eraginez. Alabaina, udazkenerako kontzertu batzuk iragarri dituzte antolatzaileek. Hamar eguneko jaialdi berezi hau irailaren 22tik urriaren 3ra ospatuko da eta bertan arituko dira El Drogas, M Clan, Liher, Ezpalak, Loquillo, Lendakaris Muertos, Los Enemigos, Carolina Durante eta Los Zigarros, beste batzuen artean.
«Guri rock and rolla eta zuzeneko musika gustatzen zaizkigu, eta ezin genuen beste urte bat egon Azkena Rock zuzenean egin gabe», adierzi dute antolatzaileek.
Egungo garaietara egokitutako edizioa izango da, baina "betiko espirituarekin". Jaialdiaren muinena rocka egongo da, nahiz eta punkak ala rockabillyak ere lekua izango duten. Talde eta bakarlarien artean izen handiak, gazteagoekin edo hasiberriekin tartekatuko dira eta guztira 21 musikari edo talde oholtzaratuko dira.
Sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai, azkenarockfestival.com webgunean. Hemen egitaraua:
Irailak 22: Lendakaris muertos + Ezpalak
Irailak 23: Los Enemigos + Liher
Irailak 24: El Drogas + The Lizards
Irailak 25: Carolina Durante + Biznaga
Irailak 26: Johnny Burning + The Soul Jacket
Irailak 29: Kaotiko + Puraposse + The Wax
Irailak 30: Ray Collins Hot Club + Micky & The Buzz
Urriak 1: Loquillo + Seda
Urriak 2: Los Zigarros + Los Estanques
Urriak 3: M Clan + Razkin
Ahots kritikoak
Bestalde, zenbait ahots kritiko agertu dira gizonezko eta emakumezko artisten artean dagoen desorekagatik. Horietako bat Olatz Salvador musikaria, zeinak Instagrameko stories batean honela salatu duen: "78 gizon, 5 emakume, diru laguntza publikoak barra-barra".