Udan trenez edo autobusez bidaiatzeko deskontuak lortu nahi al dituzu?

Hegoaldeko euskal herritar gazteek garraio publikoko billeteak merkeago erosi ahal izateko eskaera egin dezakete Internet bidez.

Espainiako Estatuan bizi diren 18 eta 30 urteko gazteek trenean eta autobusean ibiltzeko deskontua lor dezakete, gobernuak hirugarren urtez martxan ipinitako Verano Joven (Uda Gaztea) programa dela eta.

Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte egindako autobus eta tren bidaietarako izango dira deskontuak. Trenetako distantzia ertaineko joan-etorriko txartel arruntei % 90eko beherapena aplikatuko zaie. Tren komertzialetan eta abiadura handiko trenetan %50ekoa izango da deskontua, eta gehienez 30 euro txartel bakoitzeko. Avant-eko joan-etorriko txartel arruntetan ere erdira jaitsiko da prezioa.

Bestalde, bi hilabetetan hamar egunez bidaiatzeko Interrail Global Pass Flexible txartelak erdi prezioan erosi ahal izango dira, betiere Renferen bidez eskuratuz gero. 
 
Autobusei dagokienez, estatuaren eskumeneko ohiko autobus zerbitzuetako joan-etorriko txartel arruntaren prezioan %90eko deskontua izango da.

Garraio publikoan deskontuak izan nahi dituzten gazteek webgune honetara jo beharko dute. Erregistratu eta baldintzak betetzen dituztela ziurtatutakoan, txartelak merkeago erosteko beharko duten kodea lortuko dute. 

Aurtengoan 120 milioi euro bideratu dituzte programa honetarako. Iaz 130 milioi eurokoa izan zen poltsa, eta gobernuak emandako datuen arabera, 2,3 milioi gaztek baliatu zituzten deskontuak. 5,2 milioi joan-etorri izan ziren guztira, horien % 65 trenez egindakoak eta gainerako % 35 errepidez. Horrez gain, Interraileko 7.142 txartel saldu ziren.