Udan ikusteko aproposak diren hamar film
Uda giroko istorioak dituzu hemen: ondo sentiaraztekoak, barre edo negar eragitekoak, thriller edo tensio kutsua dutenak...
Udan gaudela aprobetxatuz, egun hauetan lehen aldiz edo berriz ikusteko zenbait film hautatu ditugu zuretzat. Gozatu!
1. STAND BY ME
1959ko udan girotutako istorioa da, Castle Rock izeneko herri txiki batean. Lau lagun gazte basoan desagertu den mutil baten gorputzaren bila abiatuko dira, herriko "heroi" bihurtzeko asmoz. Bi eguneko bidaia egingo dute trenbideetan zehar, eta haurtzarotik gaztetasunerako jauzia egiteko ere balioko die nolabait. Begira horrekin, beren beldurrei eta etxeko arazoei aurre egin beharko diete.
2. BEFORE SUNRISE
Jessek (Ethan Hawke), etxera itzultzeko bidean den mutil gazte estatubatuarrak, Parisera doan Celine frantziarra ezagutuko du trenean. Berehalako konexioa sortuko da haien artean. Trena Vienara iristean, Jessek berarekin jaitsi eta goizeko hegaldira arteko denbora hirian elkarrekin paseatzen igarotzea proposatuko dio Celineri. Hau gustuko baduzu, bi pertsonaien inguruko ondorengo bi filmak ikus ditzakezu: Before Sunset eta Before Midnight.
3. AUPA ETXEBESTE!
Patricio Etxebeste (Ramon Agirre) herriko fabrika baten jabea da, eta baita hurrengo hauteskundeetan alkate izateko hautagaia ere. Itxuraz gizon arrakastatsua izanagatik, enpresa kiebra jotzeko zorian dago, eta dirurik gabe gelditu da. Hori dela eta, Marbellara joan beharrean, etxean ezkutatu beharko dute oporraldi osoan, inork haien benetako egoeraren berri izan ez dezan. Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendutako film honek bigarren zatia ere izan zuen: Agur Etxebeste!.
4. LITTLE MISS SUNSHINE
Estatu Batuetako familia bitxi bat da protagonista, eta kide bakoitzak bere gorabeherak ditu. Olive neskatoak Kalifornian izango den Little Miss Sunshine haurren edertasun lehiaketan parte hartzeko sailkatzea lortuko du. Dirurik ez dutenez eta hegazkin txartelak ordaindu ezin dituztenez, familia osoak furgoneta hori zahar eta hondatu batean egingo du Kaliforniarako bidaia, Oliven ametsa egia bihurtu nahian. Aktore talde sendoa du filmak: Abigail Breslin, Alan Arkin, Toni Collette, Steve Carell, Paul Dano eta Greg Kinnear.
5. THE TALENTED MR. RIPLEY
Tom Ripley (Matt Damon) New Yorken bizi den gazte argi eta txiroa da, itxurak egiten trebea. Ontzigile aberats batek unibertsitateko ikasle fin bat dela pentsatuko du, eta diru kopuru handia eskainiko dio Italiara joan eta bere seme bizizalea (Jude Law) etxera itzultzeko konbentzitu dezan. Nortasun-lapurretak, gutiziak, obsesioak eta gezurrak korapilatuko dira thriller psikologiko honetan.
6. IN THE HEIGHTS
Musikal koloretsu eta bizi honek New Yorkeko Washington Heights auzoko komunitatearen ametsak, kultur harrotasuna, kezkak eta elkartasuna kontatzen ditu, uda sargori batean giroturik.Auzoa aldatzen ari da gentrifikazioaren eta alokairuen igoeraren ondorioz, eta bi gertakari nabarmen izango dira: loteria txartel irabazle baten salmenta eta argi-itzalaldia. Auzokoen tentsioak, maitasunak eta beldurrak gainezka egingo dute. Hori guztia, hip hop, saltsa eta merenge erritmoz lagunduta.
7. LICORICE PIZZA
Bi gazteren arteko harreman ezohikoa da Paul Thomas Andersonen filmaren ardatza. 15 urteko Gary bera baino hamar urte zaharragoa den Alanarekin maiteminduko da, hura ikusi bezain laster. Alanak mutila oso gaztea dela uste duen arren, haren energiak eta xarmak erakarri egingo du. Bata bestearengandik ihesi eta elkarrengana hurreratzen ibiliko dira etengabe, harik eta haien arteko konexioa onartu beharko duten arte. Negozio kide ere bihurtuko dira gainera.
8. THE GOONIES
Goonies taldeko mutikoak haietako baten etxeko ganbaran elkartuko dira eta bertan XVII. mendeko pirata beldurgarri baten altxor-mapa zaharra eta urrezko txanpon bat aurkituko dituzte. Gurasoek dituzten zorrak oraindu eta etxeak salbatzeko aukera bakarra dela ikusita, mapak markatutako bidea jarraitzea erabakiko dute, Andy eta Stef neskekin batera. Askoren abenturazko pelikula kutuna da.
9. YESTERDAY
Erresuma Batuko herri txiki bateko abeslari eta kantautorea da Jack Malik. Borrokatu arren, ez du arrakastarik lortzen. Itzalaldi baten ondotik, autobus batek harrapatuko du bizikletan doala. Sendatutakoan, The Beatles taldearen Yesterday abestia joko die lagunei gitarrarekin, eta berak idatzitakoa dela usteko dute haiek. Orduan, Malik konturatuko da errealitatea alternatibo batean dagoela, eta The Beatles taldea ez dela sekula existitu munduarentzat. Bera da haien abestiak gogoratzen dituen bakarra, eta horretaz baliatzea erabakiko du.
10. THE SANDLOT
1962ko uda da, eta Scotty izeneko mutil gazte beldurti eta xaloa beste herri batera joango da bizitzera, amarekin eta aitaordearekin. Ez da oso trebea kiroletan, baina auzoko lagun talde baten parte izan nahi du. Inguruko mutilak The Sandlot izeneko lursail abandonatu batean elkartzen dira beisbolean jolasteko. Adiskidetasuna, beisbola eta haurtzaroko beldurrak dira film honen osagaietako batzuk.