Udako Zikloaren II. edizioa Lesakan
Hemertzi kultur jarduera antolatu dituzte uztailetik irailera bitartean. Mice musikariaren kontzertua izango da egitarauari hasiera emango diona, uztailaren 16an.
Lesakako Sorginxulo Kultur Bilguneak Udako Zikloaren bigarren edizioa antolatu du udalaren laguntzarekin. Hemezortzi kultur jarduera prestatu dituzte uztailetik irailera. Herriko hainbat txokotan musikaz, antzerkiaz, dantzaz, bertsoaz, ipuinaz, jolasaz eta beste zenbait jarduerez gozatu ahalko dute herritarrek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "adin guztietako jendearentzat izango dira, kalea eta aniztasuna direlako udako zikloaren ezaugarriak: denetik, denentzat, edonon. Sormenean eta bizipozean oinarritutako eskaintza anitza dakargu".
Uztailaren 16an emango diote hasiera Mice musikariaren kontzertuarekin. Emanaldia 19:00etan izango da Plaza zaharrean. Uztailean zehar beste hainbat ekitaldi ere izango dira, hala nola bertso saioa, Xabi Solano eta Zigor DZaren kontzertua, eta sormen ginkana.
Abuztuan, besteak beste, Tenpora taldearen kontzertua, antzerki familiarra, Olaia Intziarteren musika emanaldia eta Zubi konkorduna bertso saioa izango dira Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Irailean ere ez da ekintza faltarik izango: Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa, Lesakako Erraldoien eta buruhaundien konpartsa Elutxa txarangarekin, kantu-bira Lesakako abesbatzarekin, eta Duplaren kontzertua. Egitarauaren ingurukoak udalaren webgunean daude ikusgai.
Emanaldi guztietara sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte. Emanaldi bakoitza segurua izateko helburuz, Sorginxulo antolakuntza sare bat eratzen ari da herritarrekin elkarlanean. Oso eskertuta daude antolatzaileak: “Hauek gabe ezinezkoa izango litzateke hain agenda betea aitzinera eramatea. Aunitz eskertzen dizuegu bolondres guztiei.”