UDABERRIAREKIN BATERA DATOR UTZIKERIA ERE
Iritsi da udaberria eta horrekin baita katuen kumaldiak ere. Hain txikiak, hain samurrak, ezin ederragoak. Horixe pentsatzen dugu ia guztiok, ezta? Bada zoritxarrez, bestelako bertsorik ere.
Argazki hauetako hiru katutxoak (eta beste bi hilik) Pasaian agertu dira plastikozko poltsa baten barruan. Argi dago euren amak ez dituela katakumeak bertan sartu, baizik eta katu eme horren jabeak. Hain zuzen, jabe horri gutxi axola zaio zeinen samurrak diren, zein txikiak, zein babesgabeak, zein ederrak, eta are gutxiago nola senti zitekeen bere ardurapean dagoen katua bere kumeak nola kentzen zizkion ikusten. Dirudienez jabe honi katua irentzea baino ideia hobea iruditu zaio katakumeak plastikozko poltsa batean sartu eta zakarretara botatzea.
Zorionez, bihotz oneko herritar batek aurkitu ditu eta orain Katubihotz elkartekoak arduratuko dira albaitariarengana eramatean. Espero dezagun bizirik atera diren hiru katutxoentzat berandu ez izatea!
Haatik, kasu hau ez da salbuespena, ohi baino ohikoagoak dira horrela historiak eta asko eta asko hau baino amaiera okerragoekin. Auskalo zenbat eta zenbat animalia jaio eta hiltzen diren kaleetan edota kasu honetan bezala jabe arduragabe baten erruagatik. Azken datuen arabera, mundu osoan zehar animaliak abandonatzea ohiko jarduna da, baina Europa barruan Espainiar Estatua da ranking horretan buruan dagoena, urtean 137.000 animalia abandonatzen omen dira.
Beraz, txakur edo katuren bat edukitzea pentsatzen ari bazara, ez erosi, adoptatu! Txakur eta katuen alde lanean diharduten hainbat elkartetan zure laguntza behar duten animalia ugari aurkituko baitituzu. Hori bai, aurretik ziurtatu zaitez behar duen arreta eta maitasuna emateko gai zarela, horrek dakarren ardura, baina batia, poz guztiarekin.