Uda Place ekimenaren baitan, ekitaldiz beteriko astea Gasteizen

Montehermoso Kulturunea, Gaueko aisialdi eta kultura programa gaztea, eta Hor Dago! kafetegia batu egin dira aurtengoan Uda Place ekimena antolatzeko. Izen orokor horren baitan, jardueraz beteriko hiru hilabete prestatu dituzte Gasteizko Falerina Lorategian. Gaurtik hasita, hain zuzen, bost musika ekitaldi eskainiko dituzte igandera bitartean, besteak beste, Benjamin Tehovalen eta The New York Ska-Jazz ensambleren kontzertuak.


Falerina Lorategia Gasteizko kultur topagune bihurtu da uda honetan, eta musika emanaldiak, zinema proiekzioak, haurrentzako ikuskizunak, bakarrizketak, eta beste hainbat ekitaldi aurkeztuko dituzte etenik gabeko egitarauaren baitan.

Ekainean hasi ziren, eta irailaren 1a bitarte eguneko ikuskizun bat eskaintzen ari dira bertan. Hor Dago! Kafetegiak, Montehermoso Kulturuneak eta Gaueko gazte programak abian jarritako ekimena da, adin guztietako hartzaileei zuzendurikoa, eta gasteiztarren nahiz kanpotik etorritakoen artean arrakasta izan du.

Gaurtik hasi eta igandera arte bost emankizun prestatu dituzte, bereziki musika nagusituko delarik. Iluntzeko emanaldiak izango dira, eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiekin bat egingo dute larunbatetik aurrera. Horiek, gainera, datorren abuztuaren 9ra bitarte, ostirala, iraungo dute, eta ospakizunez beteko dute Arabako hiriburua.

Asteko egitaraua


Abuztuak 1, asteazkena
21:30 Humberto Gutierrezen bakarrizketa, dohain

Abuztuak 2, osteguna
21:30 Benjamin Tehovalen kontzertua, dohain

Abuztuak 3, ostirala
23:00 The New York Ska-Jazz ensamble taldearen musika kontzertua, sarrera 12 euro

Abuztuak 5, igandea
19:00 Super 46 taldearen kontzertua, Gasteizko Udalak antolatuta
20:30 Xuorum taldearen kontzertua, Gasteizko Udalak antolatuta