Uda honetarako gazte boluntariotzako 'Auzolandegiak' programan izena emateko epea zabaldu dute
Hamar auzolandegi antolatu dira eta 230 lagunentzako tokia izango da.
Gazte-boluntariotzako Auzolandegiak programaren barruan hainbat jatorritako gazteak arituko dira euren borondatez 15 egunez gizarte-proiekzioko lana egiten.
Hamar auzolandegi egingo dituzte guztira eta hiru motatakoak izango dira adinaren arabera: bost auzolandegi 18 eta 26 urte bitartekoentzat (dibertsitate funtzionala duten pertsonak izan ezik, horiek 30 urte bete arte parte hartu ahal izango baitute); lau auzolandegi 14 eta 17 urte artekoentzat; eta 16 eta 21 urte bitarteko gazteek parte hartuko duten bi auzolandegi.
Adinez nagusiak ez direnentzako auzolandegiak Muxikan, Arraia-Maeztun, Alonsotegin eta Trapagaranen egingo dira, guztira 80 plazarekin. 16 eta 21 urte bitarteko gazteek Bilbon eta Erandion parte hartuko dute, 35 plazarekin. Gainerako auzolandegiak adin nagusikoentzat izango dira, eta Bergaran, Lekeition, Lemoan, Derion eta Muxikan egingo dira, 115 plazarekin.
Auzolandegietako bakoitzak gai espezifiko bat izango du: arkeologia eta industria-ondarea leheneratzea, ondare historikoa eta ingurumena leheneratzea, adinekoen gizarte-dinamizazioa, memoria historikoa, etab.
Goizetan boluntariotza-esparruari dagozkion zeregin tematikoak egingo dituzte, eta arratsaldeetan eta asteburuetan jarduera osagarriak. Jolas, kultura eta kirol-jarduerak ere egingo dira.
Izena emateko prozesua
Auzolandegietan izena emateko epea maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik, eta ondoren, maiatzaren 10ean, tokiak hautatzeko zozketa egingo da. Txandak maiatzaren 11n argitaratuko dira, eta plazarako izen-ematea maiatzaren 15etik aurrera egingo da. Informazio guztia www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian kontsulta daiteke.