Txuma Murugarren: "Kalabazekin ez naiz amiltzen"
40 urte. Taurus. Errenteriarra, baina "beste puntara joan naiz bizitzera; Sopuertara". Bertan ari da lanean, ikastetxe batean euskara eta literatura irakasle. Kantautorea ere bada, eta laugarren diskoa kaleratu berri du: "Nire anaiaren kotxeko argiak". Disko horretako "Desintoxikazioa" da bere kanta kuttunena. Zaletasunak? Irakurtzea eta musika entzutea.
Arrunt laket dut: Lagunekin, besterik gabe, solasaldi gozoan aritzea. Primerakoa da.
Ez ditut parean ikusi ere egin nahi: Sentikortasunik gabeko pertsonak ez ditut batere atsegin.
Lasaigarri zait: Mendian egotea, egun eguzkitsu batean.
Sutan jartzen naute: Euskal kulturarekiko begirunerik ez dutenek.
Gustura irakurri nuen: Andrei Platonov-en "La excavacion"
Lo seko geratu nintzen irakurriz: Ez bazait liburu bat gustatzen utzi egiten dut, lokartu aurretik.
Bertutea: Umila izatea da nire bertuterik handiena.
Akatsa: Ez dut neurririk.
Barre algara eragiten dit: Hainbat gauzek; esaterako, inozentziak.
Negargura ez dut urruti: Euskaldunok bizi dugun egoera ikusita.
Urrea: Ez zait urrea emateko inor bururatzen.
Ikatza: Ikatza askok merezi dute; esaterako, euskaldunon aurka erasoka ari direnek.
Hatzak zupatzen ditut: Arraina janda.
Gogoko ez dudan jakia: Zerria ez zait gustatzen.
Dirua ordainduko nuke: Lasai bizitzearen truke.
Ez nioke xentimorik ere emango: Gogoz egiten ez den edozein gauzari.
Parrandarako edari bat: Garagardoa.
Ajerako erremedio bat: Ondo lo egitea da onena.
"Anttoni, Anttoni zure atean nago ni ": Oso gutxitan etorri zaizkit ate joka, eta une honetan nahaspilatsua litzateke.
" ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Kalabazak oso ondo hartu izan ditut beti. Ez naiz amiltzen den horietakoa.
Zure kantarik kuttunena: Mercury Rev-en "Hole"; ederra da.
Gorroto duzun abestia: Irrati komertzialetan etenik gabe jartzen duten edozein.
Non joko zenuke gustura: Gaztetxe gozo batean. Edozein gaztetxetan.
Non ez zenuke sekula joko: Jotzeko kontuetan, sekula ez nuke "inoiz" hitza esango.