Txinak nahitaez bete beharko duten baldintza ezarri die influencerrei

Milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzten influencerrek eta streamerrek ezin izango dute zenbait gairi buruz hitz egin, horrekin lotutako ikasketarik izan ezean.

Gobernantza digitalaren fase berri bat abiatu du Txinako gobernuak, 2016.urte amaieran ezarritako Zibersegurtasun Legearen baitan. Txinak bertako influencer eta streamer profesionalen edukien kontrola zorroztuko du, zenbait gairen inguruan hitz egiterako garaian.

Miloi bat jarraitzaile baino gehiago dituzten eduki sortzaileek unibertsitate titulua beharko dute sare sozialetan zenbait gairen inguruan aritzeko. Honako alor hauen inguruan hitz egiteko beharko dituzte goi-mailako ikasketak: osasuna, medikuntza, zuzenbidea, ekonomia, hezkuntza eta ingurugiroa.

Gainera, edukiek etiketa argiak izan beharko dituzte eta ziurtatutako iturri bat dutela egiaztatu beharko dute. Influencerren eta streamerren identitatearen eta formazioaren inguruko informazioa ere gardenagoa izatea eskatuko dute.

Plataforma digitalek gainbegiratu beharko dute gai "profesionalen" inguruan hitz egiten duten eduki sortzaileek duten formazioa, arauak bete daitezen. Txinako sare sozial ezagunenak Douyin (TikTok-en bertsio txinatarra), Weibo eta Bilibili dira. Ikasketak dituztela egiaztatu ezin dutenek hainbat ondorio izan ditzakete: edukia ezabatzea, kontua behin-behinean edo betiko ixtea, edota 12.000 euro ingurura arteko isuna jasotzea. 

Eztabaida piztu du neurri honek. Zenbaiten ustez desinformazioa saihes dezake, eta ingurune digitala konfiantzazkoagoa bilakatzea eragin lezake. Beste zenbaiten ustez, aldiz, adierazpen askatasunaren kontrakoa da, eta zentsuratzeko bide bat. Horretaz gain,  iritzi aniztasuna mugatuko ote duen beldur dira, zenbait pertsonak bakarrik hitz egin ahal izango dutelako gai horiez.

China Internet Network Information Centerrek egindako ikerketa baten arabera, 700 milioi erabiltzaile baino gehiago daude Txinako sarean, eta hiru gaztetik batek komunikabide tradizionalengan baino konfiantza handiagoa du eduki sortzaileengan.