Txikon ala Otaegi? Apustua dago!

Alex Txikon lemoarrak eta Joseba Otaegi zizurkildarrak indarrak neurtuko dituzte igandean, hilak 28, Azpeitiko zezen plazan. Harri jasotzaile, aizkolari eta korrikalari aritu beharko dute.


Hasteko, 100 kiloko harri zilindrikoa jaso beharko dute 25 bider. Jarraian, aizkora hartu eta 14 kanaerdiko ebaki beharko dituzte. Lana bukatzeko, zazpi kilometro egingo dituzte korrika. 7.000 euro jarri du mahai gainean bakoitzak.
Alex Txikonek-argazkian- 27 urte ditu eta mendizale ere bada; Edurne Pasabanekin joango da martxoaren hasieran Txinara, Shisha Pangma eta Annapurna mendiak igotzera.  Joan den urtean, antzeko apustu batean parte hartu zuen Txikonek, Jose Felix Zubizarretaren kontra; Zubizarreta nagusitu zen orduko hartan. Joseba Otaegik 26 urte ditu eta orain arte jokatutako bi apustuak irabazi ditu.