Txapelketarik gazteena

Urriaren 9an, Lekunberrin, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketa jokatuko da. Hogeita hamar bertsolarik parte hartuko dute txapelketako bost azken-laurdenetan. Inoiz izan den txapelketa gazteenaren atarian gaude, eta bat baino gehiagoren ustez, ezustekoren bat ere izan dezake Andoni Egaña erregeak. Hona hemen, bi hitzetan, lehen txanpa honetan lehiatzekoak diren gazteen nortasun agiriak. 


Lekunberri. Urriak 9. Plazaola kiroldegian, 17:00etan
1- Bixente Gorostidi
Saltseroaren definizioa: txoko guztietan dabilena. 20 urte zituela hasi zen bertsotan, eta 32 urte dituen honetan, hau izango da bere hirugarren Txapelketa. Saltseroa izateaz gain, gora azkar igotzen dakien eskalatzailea dugu amezketarra. Bertsotan ari denean, gutxitan igartzen zaio nondik sortu behar duen zirrikitua.

2- Igor Muniategi

Zuzenbide ekonomikoa ikasi zuen 23 urteko bermeotarrak. Txapelketa honetan, bera da bizkaitarrik gazteena. Beste hamaika bertsolari bezala, Jon Lopetegiren ikaslea izan da  hasieratik. Bertso txukunak botatzeko abilezia maiz erakutsi du, eta ez da atzean geratzen den horietakoa.

3- Joxe Juan Zubieta

Aurten, finalean, aurpegi berriak ikusiko ditugula uste du 30 urteko lesakarrak. Bera izan daiteke aurpegi horietako bat, lehen aldiz taularatuko baita Txapelketa Nagusian. Ahots indartsua eta bertso sarkorrak: horiek dira Etxaberen ezaugarrietako batzuk.

4- Amaia Agirre

Ilusio eta motibazio handiz dator 28 urteko billabonatarra. Neska azkarra dela diote ondo ezagutzen dutenek. Txapelketako finala lekuz aldatu da, eta horrek berrikuntza ekarriko du tentsio handiko azken egun horretan. Agirre izango ote da ezustekoetako bat?

5- Xabier Silveira

Nork ez du ezagutzen? Tabernaria izan zen ofizioz, eta behar bada, baita afizioz ere. Parrandazale fama duen arren, oso fin aritzen da bertsotan. Txapelketa 28 urterekin hasi, eta 29rekin bukatzeko gogo biziz dator lesakarra. Finalean aritzea du ametsa, eta ez du hori ezkutatzen, gainera. Gazteen erreferentzietako bat da.

6- Estitxu Izagirre

Hernaniko biki bertsolarietako bat da Estitxu. Hernaniko bertso-koadrilarekin hazia, ahizpa bikiarekin batera hasi zen kantuan. Bertsotan oso bizia da, eta ederki daki ironiaz baliatzen. Txapelketa honetan, urduritasunak alde batera utzita, den bezalakoa azaldu nahi du oholtza gainean. Lasai arituz gero, paper txukuna egin dezake.

Idiazabal. Urriak 15. Igarondo pilotalekuan, 18:00etan.

1- Etxahun Lakua
Gauza politak egiteko ilusioarekin dator bere lehen Txapelketa Nagusira. Bertsolaritza irakaslea da; beraz, ederki daki zertan ari den. Adituen ustez, kantatzeko estilo ona eta zuzena du larrabetzuarrak. Bizkaiko azken bi txapelketatan finalera iritsi da. 24 urte ditu.

2- Iker Zubeldia

Freskoa eta oso umore bizikoa da zegamarra. 24 urte dituen arren, eskola zaharreko bertsolaria da. Aurtengoan, lehen aldiz lehiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Ikerren ezaugarri nagusia? Bere lagunen esanetan, izugarri umore onekoa da, eta hori erabiltzen eta horrekin jokatzen saiatuko da txapelketan.

3- Iñigo Izagirr
e
24 urterekin, lehen aldiz ariko da Txapelketa Nagusian. Ahots ederra du, eta horrek indarra ematen dio mikrofono aurrean. Bertsoak tajuz osatzen dakien horietakoa da, hankasartze gutxi eginez. Uztapideren herri berekoa izanik... ez da harritzekoa.

4- Asier Otamendi

Arabako erregea da aspaldi samarretik. Urretxun jaioa da, baina Gasteizen bizi da. Txapelketa ezin gazteago honetan, bere 34 urteak marra ertzean daude jada. Erantzunetan eta arrazoietan oso bertsolari txukuna.

5- Ekaitz Goikoetxea 

Lazkaoko euskaltegian irakasle lanetan dabil 25 urteko beasaindar hau. Poeta fama du lagunen artean, eta bertsotan oso euskara landua darabil. Bere esanetan, haurtzaindegian hasi omen zen lehen koplak kantatzen. Azterketa gainditzeko asmotan, eta etxeko lanak eginda igoko da oholtzara. Egoskorra da, izan ere.

6- Iñaki Gurrutxaga 

Ironiaz jokatzea oso gustuko du, eta bertsotarako jite erakargarria duela diote adituek. 24 urteko oriotar hau finalera heldu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Aurten, ordea, lehen aldiz  ariko da Txapelketa Nagusian. Aupa oriotarrak!

Zornotza. Urriak 16. Zelaieta zentroan, 17:00etan.

1- Xabier Paia
"Frediren anaia" esaten diote guztiek, baina hori baino gehiago da algortarra. Euskara maila hobetu nahi zuela-eta hasi zen bertsotan, eta 22 urterekin lortu du Euskal Herriko Txapelketarako txartela. Bertsotan anaia baino lotsagabeagoa da.

2- Iratxe Ibarra

Markinarrak abenduan beteko ditu 31 urte: bera da txapelketa honetako emakume beteranoena. Beste hainbat bezala, Jon Lopategi maisuarekin hasi zen bertsotan, eta lehen plaza, aldiz, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin egin zuen. Esperientzia handia du, eta horrek asko balio du hau bezalako txapelketa gazte batean.

3- Jon Martin

Bertsolari sentimentala da, eta entzulea hunkitzeko ahalmena du oiartzuarrak. Iaz, Gipuzkoako Txapelketan bigarren postua lortu zuenean, guztiak ahozabal utzi zituen. Txapelketan estreinatuko den egunean bertan, 24 urte beteko ditu. Belaunaldi berriaren adibide garbia.

4- Oihane Enbeita

Enbeitatarrek zer ez ote dute egin bertso munduan? Eta zentzu horretan, Oihanek zer ez ote du xurgatu etxean? Antzerkigintza ikasi zuen, eta bertsoa eta antzerkia uztartzearren, esperimentu bat baino gehiago egina dago. 26 urteko gernikarra hirugarren aldiz saiatuko da txapela lortzen, eta horretarako, betiko ganora erakutsiko du.

5- Oihane Perea

Bertsozaletzat eta sortzailetzat du bere burua. Gogor aritu da lanean hainbat bertso eskola sortzeko, eta egun, Arabako bertsozale elkarteko arduraduna da. Txapela lortzen ez badu ere, sari ederra ernatu zaio bere barrenean, aurki ama izango baita. Beraz, maitasunez topera datoz Oihaneren bertsoak.

6- Miren Artetxe

Miren Artetxe txapelketa honetako ezusteetako bat izan daiteke. Bera da Ipar Euskal Herritik lehiaketara heldutako neska bakarra, eta baita parte-hartzaile gazteena ere. Hendaiarrak 20 urte ditu, eta sentimendu handiz abesten du beti. 

Uztaritze. Urriak 22. Kiroleta pilotalekuan, 17:00etan.

1- Fredi Paia
Mutil berezia dela diote bere adiskideek, eta bertsotarako ere, ukitu berezia du algortarrak. 24 urte ditu, eta bigarren txapelketa nagusia izango du honako hau. Finalean sartu nahi luke, baina ez du langintza erraza izango. Bizkaiko bertsolaritzak azken urteotan emandako fruitu interesgarrienetako bat da.

2- Jokin Uranga 
 
Lizasotarren garra ez da  berehalakoan itzaliko bertso munduan, eta orain, Uranga da Azpeitin sortutako kimu berria. Jokinek 25 urte ditu, eta plaza ugari egin dituen arren, hauxe du lehen Txapelketa Nagusia. Bertsolaritza lagunarteko jokotzat definitzen du askotan, beraz, bere saiorik onenak gauerditik aurrera izaten omen dira.

3- Amets Arzallus 

Gaur egun, bertsolaritza munduan aurpegi ezagunenetarikoa da. Azken urteotan Nafarroako txapelduna izan da, eta aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusian, finalerako atarian geratu zen. Etorkizuneko txapelduna ote? edo aurten emango al du ezustekoa? Adi Ametsekin!

4- Julen Zelaieta

Umoretsuak eta biziak dira beratarraren bertsoak. Eta hori asko estimatzen dute bertsozaleek. Nafarroako Txapelketan finalista izan zen orain bi urte, eta aurten, ostera ere, finalerako txartela lortu du Nafarroan.

5- Onintza Enbeita   

Neska azkarra behar du izan muxikarrak. Zortzi urteak betetzear ekin zion bertsolaritzari, eta adin horrekin egin zuen lehendabiziko plaza. Egun 26 urte ditu, eta lehen aldiz ariko da bertsolaritza munduko olinpiadan. Natural agertzea izango du helburu nagusi, baina bidean, ale politak eskainiko ditu. Enbeitatarra da eta...

6- Iñigo Manzisidor  

Zarauztar honek finala baino egun batzuk lehenago beteko ditu 28 urte. Opari polita litzateke lehen kanporaketak gainditzea, baina horretarako, kantatzeko modu berezia duela esaten dutenei arrazoi eman beharko die epaimahaiak. Tira, gauza jakina da Zarautzen oso harrobi ona dagoela...

Arrasate. Urriak 23. Amaia antzokian, 17:00etan.

1- Aitor Sarriegi 
Bertsolaritzan, toki guztietan eta edozeinengandik zerbait ikas daitekeela uste du Sarriegik. Baita, taberna bazterrean, erdi-moxkorrak bertsotan ari den horrengandik ere. Agian, jakinmin horri zor dio Aitorrek bere trebezia berezi hori. 28 urteko beasaindarrak hirugarren Txapelketa Nagusia izango du aurtengoa.

2- Estitxu Arozena

Nahiz eta 30 urte izan, Txapelketa Nagusiko beteranoetako bat da. Hain zuzen, aurtengoa laugarren lehia du lesakarrak. 16 urterekin heldu zion bertsolaritzari, eta ez da harritzekoa, aita ere bertsolaria baitu -eta ona, gainera!-. Estitxu bezalakoei esker, gaur egun emakumezkoek beldur gutxiago diote oholtzari.

3- Nahikari Gabilondo
 
Ideia politak darabiltza ahoan, bertsoa dastatzen ari denean. 27 urte ditu, eta lehen aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian. Zarautz aldeko harrobi indartsuak emandako fruitu zaporetsua da Gabilondo. Andoni Egaña herrikidea du eredu eta maisu, baina nortasun propioa du, bistan denez.

4- Arkaitz Goikoetxea

Oiartzundik dator, eta 32 urte ditu. Ez da plazagizona, baina horrek bere motibazioa areagotu besterik ez du egiten, azken Txapelketa Nagusian lehen hamarren artean sailkatu zela ikusi ondoren. Bertsotan txukuna eta zuzena da Goikoetxea, eta oiartzuar guztiek bezala, euskara ederra darabil.

5- Arkaitz Estiballes

24 urte. Santutxuko eskolatik ateratako bertsolaria da Estiballes, eta ukitu berezia du. Mutila pozik dabil txapelketako finala Bilbao Exhibition Center (BEC) ospetsuan jokatuko delako, baina finalera sartuko balitz... hori bai bihotzean poz ederra!

6- Iñaki Zelaia

Hernaniko harrobitik ateratako 32 urteko bertsolaria. Kantatzeko moduan klasikoa da Zelaia, Txirritaren eskolakoa. Baserritarra sortzez, kaletartua gaur egun, bertsolaritza du zaletasun nagusi, eta gogo handiz prestatu du hastear den txapelketa.

Unai Elizasu: "Bertsoaren erresuman, gazte "katrina" dator"



Iñaki, Miren, Iñigo, Fredi, Arkaitz, Estitxu, Julen, Nahikari, Jokin... izeneko borraskak gertu lehertuko zaizkigun errimaren mendikatean....Xabier, Amets, Jon, Aitor... neurrialdeko haize bortitza da, zuzen-zuzen eta gogor datorren zurrunbiloa, eliteko itsas bazterra gogor astinduko dutela aurreikusten du plazateliteak.

Sustrai, Aitor, Igor, Maialen, Unai, Jexux... 5. mailako urakanak... uda partean, neguan egingo zutenaren sarraskia aurreikusten zuten, eta “New Egañalans” txikitzera datoz.

Horrelako fenomeno bertsologikorik ez da sekula izan, azkenekoa orain lau urte izan zen; halakorik ere sumatu da gure erresumako hainbat tokitan.... Baina handiena orain dator, eta agintarien aginduz, etxean geratzea arriskutsua izan daiteke, eta babeserako, “Bersomet” elkarteak honako tokiak jarri ditu: Bera, Gasteiz, Urretxu, Markina, Hendaia, Donostia... Beste zenbait tokitan ere babestu zintezkete, baina aipatu toki hauetan, eta batipat BECn (Bilbao Exhibibition Center), “Bersometek” prestatu duen babeserako gune erraldoian fenomeno honekin gozatzeko aukera izango duzue. Ez zaitezte etxean geratu, New Egañalanseko alkateari antizikloia burutik kentzea datoz borraska, zurrunbilo eta urakanak.... eta guzti horren lekuko, erresumako toki askotatik etorriko diren errekek eta ibaiek, uholde handia egingo dute BECen.