Txakurrentzako lehen jatetxeak bere ateak ireki ditu Erroman
Bere ateak zabaldu dituenetik erreserbak pilatu eta pilatu ari dira.
Txakurrentzat bereziki ireki den munduko lehen jatetxea da Via Flaminia. Jatetxeak izugarri zaindutako menua eskaintzen die lau hankako gure lagunei. Menuko plateretako batzuk honakoak dira: oilasko nuggets-ak eta patata purea, xolomoa, kuiatxo eta azenarioarekin, bakailaoa edo arrautza egosiak ilar txikiarekin.
Txakur bakoitzari ura ematen zaio, —minerala, ez iturrikoa—, zizka mizka moduan. Plater nagusien prezioa 10-22 euro arteko da, kopuruaren eta txakurraren neurriaren arabera. S 2-10 kilo artea pisatzen dituztenentzat, M 11-20 kilo, L 21-30 kilo eta XL menua ere badago 30 kilotik gorakoentzat. Erabiltzen diren produktuak maila gorenekoak dira, jatetxearen nagusien esanetan bertan jaten duten txakurrek bere jabeek bezain ongi jatea nahi dutelako.
Menua albaitariari eta nutrizionistekin garatu dute alergiak kontuan hartuta, txakurrek gizakiek baino alergia gehiago baitituzte. Jatetxean ez da zaunka bakar bat entzuten, gonbidatuak euren plateretan kontzentratuak egoten baitira. Txakur handi eta txikiei leku ezberdinak jartzen zaizkie liskarrak ekiditeko.
Noski, jatetxeak gizakiei ere eskaintzen die janaria, horretarako bi sukalde daude, bata txakurren janaria prestatzeko eta bestea gizakienarentzat.
Argiztapena ahula da, lounge musika entzun liteke eta bertako langileek pertsonei eta beren txakurrei mahaietara laguntzen diete. Uraz gain, txakur kumeek sagar eta sandia zuku bat hartu lezakete edo udare, marrubi edo bananazko smoothie bat. Jatetxetik joan aurretik, bezeroek ispiluz beteriko selfie gune batetik pasatzeko aukera dute euren txakurrarekin posatzeko.
Jatetxeekiko zuen pasiotik abiatuta sortu zitzaien jabeei ideia. Proiektu honen aurretik beste jatetxe bat zuten. Baina batez ere, txakurrekiko euren maitasunak piztu zien inspirazioa. Jatetxea ireki aurretik aholkuak eskatu zituzten beste jatetxeetako profesionalei, albaitariei eta txakurren dietak sortzen dituztenei. Jatetxea ireki zenetik batez beste gauero sei-hamar txakur zerbitzatzen dituzte astean zehar eta asteburuan 10-15 inguru.