Txakurrek zure mina sentitu dezakete, eta arintzen saiatuko dira

Txakurraren Eguna izan da igande honetan; zer nolako harremana duzu lau hankako lagunekin?

Txakurrak gizakiaren lagunik onena direla baieztatzeko ez dugu zientziara jotzeko beharrik; animali maitagarri hauekin bizi garenok argi dugu hala dela. Hain zuzen, igande honetan Txakurraren Eguna ospatu berri dugu, eta lau hankako lagunmin bikain horien omenez, albistetxo hau ekarri dizuegu; txakurrek beren jabeen mina sentitu dezakete, eta posible duten heinean arintzen saiatzen dira.

Ondorio hori atera du Londresko Godldsmith Unibertsitateko psikologia departamentuak egindako ikerketa batek. Hainbat txakurren jokaerak aztertu dituzte, beren jabeekin batera; hala, adibidez jabeek negarrez ari ziren itxurak egitean, txakurrek segituan erreakzionatzen zuten, jabeengana hurbilduz eta lasaitzeko saiakerak eginez.

Ikerlarien arabera, berdin dio jabeen sumindura hori benetakoa den ala antzerkia egiten ari diren; gure maskotek badakite adierazten ditugun min zantzuak detektatzen, eta segituan, gure egoera emozionala hobetzen saiatuko dira. Oraindik ez dugu proba egin?