Txakur eta katuen haragi kontsumoa debekatu dute Txinan

Debekuarekin, urtean 10 milioi txakur eta 4 milioi katu heriotza segurutik aldendu dituzte.

Asteburu honetan, Txinako jaialdi garrantzitsuenetako bat hasiko dute; Yulin jaialdia. Bertan, tradizioari jarraiki, urtero milaka animalia sakrifikatzen dituzte, ondoren kontsumorako salduz; eta bai, txakurrak, katuak, sugeak eta narrastiak ere bai, orain arte behintzat. Aurten baina, aipatutako animalia horiek ezingo dira kontsumorako hil eta saldu; Txinako Nekazaritza eta Abeltzaintza Ministerioak debekatu egin du txakur, katu, suge eta narrastiak kontsumorako animali bezala erabiltzea, eta hemendik aurrera, soilik maskota bezala kontsideratuko dituzte.

Erabaki historiko hau hilabete hasieran hartu zuten, hain zuzen, Yulin jaialdia ospatu baino hiru aste lehenago. Honen garrantzia handia da, urtero, 10 milioi txakur eta 4 milioi katu sakrifikatzen direlako kontsumorako herrialdean. Eta, zergatik orain? Dirudienez, animaliekin munduan dugun harremana nabarmen aldatu da azken urteotan, eta Txinan ere geroz eta gehiago dira aipatutako animaliak ganadu bezala ikusteari utzi diotenak.

ETA ABEREAK, ZER?

Mendebaldean pentsaezina zaigu gure etxeko kide maitatu eta iletsua jatea posible denik, baina bere haragia kontsumitzea gutxienekoa da; animalia horiek sakrifikatu eta harategian amaitu aurretik, bizitza miserablea eramaten dute, eta askok tortura gogorrak jasaten dituzte; mutilazioak, zauriak, erredurak... txakur ala katu bat infernu horretatik igaro dela pentsatzeak barrenak nahasten dizkigu; zergatik ez ordea animalia txerriak, txahalak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, behiak, ahateak, untxiak... direnean? Hain zuzen, Yulin jaialdian animalia horiek sakrifikatzen jarraituko dute, eta besteak beste, animaliak bizirik irakiteko ohitura dute, haragiaren zaporea hobetzen duelakoan. Merezi ote dute tratu hori?