Turismo masiboak Louvre museoa itxi du

Langileek ezin dute gehiago, eta astelehen honetan Parisko museoko ateak itxi dituzte, protesta egiteko.

Urtean 10,2 milioi turistek bisitatzen dute Parisko Louvre museoa, eta azken urtean bisita masiboek gora egin dute nabarmen, Beyoncéren bideokliparen ondorioz gertatutako boom-a tarteko. Aldiz, langileen baldintzak ez dira apur bat ere hobetu, alderantziz; munduko museo bisitatuenean gordetzen diren artelanen zaintzaileek ezin dute gehiago, eta hala, astelehen honetan, hilak 27, ateak itxi dituzte protesta moduan.

 

 


Turistek segituan suntsitu dute Louvren jarritako arte instalazio urbanoa.

Twiterren zabaldutako mezuan, museoko langileek azaldu dute ez direla gai azkenaldian jasotzen duten bisita kopuru masiboari aurre egiteko, eta lan baldintza hobeak eskatu dituzte. Hain zuzen, azken bi urteetan %25 igo dira bisitak. Museoko langileek salatu dutenez, egoera "jasangaitza" bihurtu da, eta dagoeneko ez dira gai beren lana baldintza egokietan betetzeko. 

Munduko leku ezagunenen kolapsoa

Ez da bisita masiboen maila gorenetara iritsi den leku bakarra. Hain zuzen, hilabete honetan mundu osoa Everest mendi tontorrari begira jarri da, bertatik iritsi diren irudi ikaragarriengatik; hain zuzen, munduko sabaia jendez gainezka ikusi dugu, egun bakarrean ehunka lagunek aldi berean tontorra igo ondoren. Venezia, Paris, Bartzelona edota Euskal Herriko hainbat txoko dira turismo masiboa jasaten ari diren bestelako helmugak.