Trump-ek Groenlandia erosi nahi du

Egun Danimarkaren menpe dagoen irla bereganatu nahi du AEBetako presidenteak; eremuko natura baliabideek bere interesa piztu dute.

The New York Times egunkariaren arabera, AEBetako presidente Donald Trumpek Groenlandia erosi nahi dio Danimarkari. Guztira bi milioi kilometro karratuko azalera du irlak, eta egun Danimarkaren menpe dagoen eremu autonomoa da. Trumpentzat, irlak garrantzia du, batetik, natura baliabide baliotsuak dituelako, eta bestetik, geografikoki leku estrategikoan kokatuta dagoelako. 

Trumpen proposamena serioa den arren, daniarrek ez dute begi onez ikusi, eta txantxatzat hartu dute. Hain zuzen, Danimarkako lehen ministro ohi Lars Løkke Rasmussenek Twitterren adierazi du Inuzenteen Eguneko broma dirudiela, eta txorotzat hartu dute AEBetako presidentea. Harekin batera, Groenlandiako diputatu Aaja Chemnitz Larsenek honakoa adierazi du Trumpek irla erosteko proposamenari: "Ez, eskerrik asko".

Australiaren ondoren munduko irla handiena da Groenlandia. Guztira 56.000 lagun bizi dira bertan, eta Danimarkaren menpe dauden arren, autonomia zabala dute 2009 urteaz geroztik. Groenlandiarra hizkuntza ofiziala dute, eta ez dira Europako Batasuneko kide 1985. urtetik. Dirudienez, ez dute estatubatuar bihurtzeko asmorik ere.