Truman Capote: Kamaleoientzako musika

Truman Capote New Orleansen jaio zen 1924. urtean. Idazle iparramerikarren artean maisu izan zen, oso arlo ezberdinak landu zituelarik: antzerkia, ipuinak, erreportajea, eleberria... Estatu Batuetako idazle askoren kasuan bezalaxe, bere ipuinetako asko aldizkarietan argitaratuak izan ziren liburuetan baino lehen. Kazetari bezala jardun zuen, eta arrakasta handia lortu ere bai. Bere garaiko musikari, aktore eta jende ospetsu asko ezagutu eta batzuk lagun izan zituen (Marilyn Monroe,  Jane Bowles, Coco Chanel, Marlon Brando, Picasso, Bogart eta abarren erretratu gupidagabeak idatzi zituen). Bizitza erosoaren maitale, Rolling Stone aldizkariak bi mila dolar aurreratu zizkion sekula idatziko ez zuen erreportaje bat idazteko. Lerro bat berbera idatzi aurretik xahutu zuen guztia hoteletako fakturak eta xanpaina ordaintzeko.
Bere ipuin bildumarik ezagunena ("Kamaleoientzako musika")  gizarte amerikarraren erradiografia literarioa dela esan daiteke eta berriki argitaratu da euskaraz. Aipatutakoaz gain, Truman Capoteren beste hainbat lan ere aurki daitezke itzulita: besteak beste, "Eskuz landutako hilkutxak" eta "Gosaria Tiffany´s-en" eleberri laburrak eta "Odol hotzean" maisulana. Azken hau, 1959. urtean Kansaseko Holcomb hirian gertatutako erailketa basaren inguruan egindako kronika nobelatu mardula da, jenero horretan sekula idatzi den lanik onenetakoa. Iritzi publiko amerikarra astindu zuen gertaera odoltsu hartan, familia bereko lau kide suertatu ziren hilak, eta apenas zegoen erailketaren inguruko pista edo zio garbirik. Liburua idazteko, urteetako lana burutuz, Truman Capotek xehetasun handiz eta pausoz pauso berregin zituen nola erailketa, hala polizia hiltzaileengana eraman zuen ikerketa. Epaitu eta heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren hiltzaileekin ordu luzeak eman zituen Capotek kartzelan, Amerikako indarkeriari eta hiltzaileen psikologiari buruz sekula egin den dokumenturik zirraragarriena burutzeko.
1984. urtean hil zen Truman Capote, hilarrian berak nahi zuen hilartitza jartzerik lortu gabe. Honoko esaldia omen zeukan pentsatuta bere hilobian jartzeko: "Hemen datza Truman Capote: bere borondatearen kontra".