Tristurak gure gorputzean eragin fisikoa du

Triste gaudenean gure ispiluak eskaintzen digun isla ez dugu horren begi onez ikusten, eta ez, ez da efektu bisual bat, benetan okerrago gaude fisikoki.

Triste gaudenean, gure ingurukoek askotan esan ohi digute nekatuta sumatzen gaituztela, begi zuloak, azala kolorerik gabe... Izan ere, tristurak gure gorputzean aldaketa fisikoak eragiten ditu. 

Ziurrenik gertatu zaizu lagun batekin geratu eta berak ezer esan aurretik, begiratze hutsarekin, triste dagoela jakitea. Hori, triste dagoenarengan aldaketa fisikoak agertzen direlako da, bere ahotsean, bere azalean, bere gorputzeko jarreran... guztiak tristurak eraginak. Hain ikusgarriak ez diren beste zenbait aldaketa fisiko ere eragin ditzake: sabeleko mina, lo egiteko gogoa, lo egiteko arazoak... Azalean ere, aipatu dugunez, aldaketak gertatzen dira. Azala idorragoa sumatu genezake edo gune gorrixkak behatu, dermatitisa bagenu moduan. Begi zuloak sakondu egiten dira eta sekula baino gehiago belztu litezke. 

Baina, nolatan dira posible aldaketa hauek? Honen erantzuna hormonek dute. Antsietateak, depresioak edota tristurak gure hormonetan eragina dute eta hauek dira gure azalaren oreka mantentzeaz arduratzen direnak. 

Ilea erortzen ere hasi liteke denboraldi luze batean triste bagaude, gure gorputza, etengabe, kortisona, estresaren hormona, jariatzen egongo litzateke eta. Honengatik, lo arazoak pairatzen ditugu, eta hauek denboran luzatzen badira, ilea erortzea eragin lezake edota muskuluetako mina. 

Gorputzeko jarrera era aldatzen da. Burumakurrago egon ohi gara. Gure ahots tonua ere baxuagoa eta monotonoagoa izan ohi da. Gure pisua ere aldatu liteke; batzuk argaldu egiten dira jateko gogoa galtzen dutelako, eta beste batzuk, berriz, gizendu, janariarekin duten harreman emozionala dela eta. 

Hala ere, hau guztia erabat normala dela azpimarratu beharra dago. Gure gorputza etengabeko aldaketan bizi da, eta baita gure gogo-aldartea ere. Beraz, ez gara errudun sentitu behar, denboraldi batez, triste egoteagatik edota ispiluko isla gustatzen ez zaigulako. Horrelako egoerak igaro genitzakeela gure buruari onartzea ere bada norbere burua zaintzea. Dena den, egoera horretan zaudenetakoa bazara eta tristura sentimenduak gaina hartzen dizula sentitzen baduzu laguntza profesionala eskatzea da gomendagarriena.