'Tribiz, baserri galdue' ikuskizuna izango da Iruñean igandean

"Baserriarekin dugun gatazkaren eta galtzen ari den ondare horren" inguruko hausnarketa egiten du obrak.

Garaikide zikloaren barruan, Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue antzezlan dokumentala izango da igandean, hilak 23, 19:00etan, Kondestable Civivoxean. 

700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi da egilea, atez-ate, harri eta haga erorien aurrean. "Baserriarekin dugun gatazkaren" ingurukoa da obra, eta "galtzen ari den ondare horrekin zer egin dezakegun" hausnartuko du: "Gure familiaren azken belaunaldiko elkarren arteko gatazkek utzi zuten 1.800 metro karratuko baserria arkeologia objektu bihurtzen. Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten baita. Zorionez, akzioak erreproduzitzeko dokumentu batzuk kontserbatzen ditugu: lan tresnak. Tresna hauek, lanaren nostalgiaren inguruan zabalduko digute gogoeta: gure arbasoak baserria zutik mantentzen zuten akzio hutsa ziren, lana. Akzio hauek ote dira gure ondarerik handiena? Baserritarren bilobak aktoreak dira gaur egun: eszenaren bizitza, akzio eta tresna horien oihartzunaren erabilera bilatzen duten baserritar posmodernoak. Egungo gaia da baserriarekin dugun gatazka: erabilera galtzen ari den ondarearekin zer egin?". 

Jon Ander Urresti Ugalde da ikuskizun honen sortzailea eta antzezlea. Filosofian graduatua eta Dantzerti Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolan (2015-2019) egin ditu ikasketak. Ikasketa hauetako praktikak Artedramarekin egin ditu bi urtez. Hainbat ikastaro osagarri egin ditu eta Arriguri ikus-entzunezko proiektuaren sortzaileetariko bat da. Interprete lanetan ere aritu izan da, Arriagako Gerard Jones-en Madrigales ikuskizunean. Tarteka proiektu pertsonalak garatu izan ditu, adibidez, Baratzako scratxe gauean aurkeztutako Des()reka pieza eta Tribiz baserri galdue. Egun Bermeoko antzerki taldeko irakaslea da.

Emanaldirako sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.