'Touré detektibea' telesaila estreinatuko dute bihar Primeran plataforman
Aurrestreinaldia izango da gaur Bilboko BBK aretoan, 19:00etan.
Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako Touré Detektibea telesaila bihar, otsailaren 1ean, estreinatuko da Primeran plataforman. Detektibe lanetan aritzen den eta Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré. Bere trebetasun, intuizio eta umore-sen berezia dela eta, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du eta ikerketa konplexutan arituko da buru-belarri: higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak, Nigeriako mafia… Erronka eta misterio ugari izango ditu eta bere adimena eta nortasuna izango ditu kasuak argitzeko baliabiderik onena.
Malcolm Treviño Sitté aktoreak gorpuztu du Touré, eta beste aktore hauek ere parte hartu dute telesailean: Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.
Gidoia David Perez Sañudok eta Carlos Vila Sextak idatzi dute, Flora Gonzalez Villanuevaren laguntzarekin. Zuzendaria, berriz, Esteban Crespo izan da. Bilbon eta inguruan grabatu dute telesaila.
Biharko estreinaldiaren aurretik, gaur Bilboko BBK aretoan proiektatuko dute telesailaren lehen atala, 19:00etatik aurrera. Emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin, eta bertan izango dira Malcolm Treviño-Sitté, Unax Ugalde, Loreto Mauleon eta Jon Olivares aktoreak. Esteban Crespo zuzendaria eta Jon Arretxe idazlea ere bertaratuko dira. Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du ekitaldia.