Toni Morrison: Magia "beltza"

60ko hamarkadan bizi izan genuen "black power" mugimenduaren eztanda nagusia. Ameriketako Estatu Batuetan, arrazakeriarren aurka altxatu ziren beltzak, eraildako Martin Luther King -Bakearen Nobel sariduna -eta Malcom X buru. Eskubide zibilen aldeko aldarrikapen eta borroka garaiak izan ziren haiek. Zurrunbilo hartan gailendu ziren Richard Wright eta James Baldwin idazleak -azken honen "Zoaz mendira aldarrikatzera" eleberria Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zuen duela zenbait urte-. Ingurugiro honen jarraitzaile eta oinordeko dugu Ohion jaiotako Toni Morrison idazlea, "afroamerikar literatura"-ren gailurretako bat. 
Gazterik bizi izandako gertakizun berezi hauek eraginda, argitaletxeen munduan sartuko da lanean Morrison. 1970ean emango du argitara bere lehen lana: "Begirik urdinenak". Bertan gerora bere unibertso literarioa osatuko duten elementuak agertzen dira: komunitate beltza, emakumeak, tradizioa eta ohitura zaharrak, magia... 
Beranduago etorriko dira "Sula" eta "Salomonen abestia". Pixkanaka, irakurleengan pizten zuen zaletasuna eta sariak zirela medio, ohorezko leku bat eskuratuko du nazioarteko literaturan. "Beloved" eta "Jazz" eleberriekin bere maisutasuna baieztatuko du. 
Errealismo magikoa deitutako korrontetik edaten duen sortzaile honek emakume beltzen bizitza eta sufrimendua islatuko du bere obretan. Maitasuna ardatz harturik, zorigaitzen aurrean sendo jokatzen duten emakumeen figurak biribilduko ditu. Etsipenari aurre egiteko bide ugari daudela erakutsi digu behin eta berriro Morrisonek, hain trebe erabiltzen duen irudimen erakargarri eta poetikoarekin. Ahozko tradiziotik abiatuta, hirietako komunitate txikietan korapilatzen diren istorio anitzak narratzen dizkigu, berezkoak dituen sustraiek ematen dioten ikuspegi sakon eta sentibera horrekin. 
Bere lanak Literaturaren Nobel saria merezi izan zuen 1993an. Sari garrantzitsu hau irabazten duen lehen idazle afroamerikarra dugu Toni Morrison. 1997an beste liburu bat eman zuen argitara, "Paradisua".