Tom Lizarazu (Bulego): “Bideak erakutsi digu euskarak ateak itxi beharrean, ateak ireki dizkigula”
Bulego taldeak ‘Aldatu aurretik’ bira amaitu berri du, eta atsedenaldirako eta sortzeko tartea hartuko dute taldekideek 2026an. Itzulera ere iragarri dute ordea: 2027ko martxoaren 6an kontzertua emango dute, Bilbao Arenan. Sarrerak azaroaren 13an, ostegunean, jarriko dituzte salgai komunitateko kideentzat, eta hurrengo egunean, ostiralean, publiko orokorrarentzat. Taldeko Tom Lizarazurekin hitz egin dugu bira amaieraz, geldialdiaz eta orain arte bizitakoaz.
Nolakoak izan dira birako azken kontzertuak? Zer nolako sentsazioak izan dituzue?
Oso sentzazio onak. Kontzertu bereziak izan dira guretzat. Lagun berriak ekarri ditugu eszenatokira, soka laukote bat eta Bilboko Koralako berrogei pertsona. Euskalduna Jauregian izatea ere guretzat oso berezia izan da. Beti pentsatu izan dugu noizbait hor joko genuela, eta azkenean hiru kontzertu izan dira, hirurak beteta. Jendearen erantzuna da gehien azpimarratuko nukeena. Gu zerbait berezia egiten saiatu gara, baina publikoak egin du berezi, zeren harrera sekulakoa izan da, eta gozatzeko egunak izan dira. Kontzertu hauetan publikoarekin konektatzea lortu dugu, eta nabaritu da emozio gehigarria, bai baigenekien urtebete baino gehiago egongo garela eszenatokietatik urrunduta.
Etenaldia egiteko garaia iritsi zaizue. Azken urte hauetan kontzertu mordoxka bat eman dituzue, hainbat kilometro egin dituzue bidaian, eta atsedena ere beharrezkoa da berriz gogotsu eta indarrez heltzeko, ezta?
Oso presaka bizi gara, etengabe sareetan sartuta, eta badirudi denbora guztian fokopean egon behar dugula. Barruak etenaldia eskatu zigunean eta lantaldean planteatu genuenean, zalantzak izan genituen eta ondo baloratu behar izan genuen. Izan ere, egia da atseden hartzea ondo etorriko zaigula, baina bideragarria izan behar da urtebeteko geldialdia, gure diru-sarrera nagusiak zuzenekoak baitira. Kontzertuak dira musika gehien gozatzen dugun momentua, baina atzetik lan pila bat eta lantalde handia dago bultza egiten.
Uste dut erabaki ona hartu dugula, atseden fisikoa eta mentala ondo etorriko zaigu, baina arrazoi nagusia sorkuntzari kalitatezko denbora eskaintzea izan da. 2026an sorkuntzan zentratuko gara, esklusiboki. Liburuak irakurtzen arituko gara, paseatzen, aspertzen saiatuko gara... Sorkuntzak eskertuko du aspertzea eta pentsatzeko denbora izatea. Askotan gurpil horretan gaudenean, ez daukagu gelditzeko, barrura begiratzeko eta sorkuntzari emateko denbora askorik. Beraz, 2026an atseden hartuko dugu, baina batez ere sortu egingo dugu.
2020an plazaratu zenuten lehen kantua, ez da hainbeste denbora pasa berez. Baina denbora gutxian, denetik gertatu da: bi EP, bi disko, kontzertu ugari...
Bai, 2026an hau guztia ere asimilatu beharko dugu. Azkenean etengabe lanean aritzen gara: kontzertuak ematen, kantuak sortzen ez baldin bada, kantuak grabatzen, bestela bideoklipak, bestela birak egiten han eta hemen... Presentzia eta konstantzia lantzen saiatzen gara, baina kosta egiten da batzuetan. Esate baterako, bira amaiera honetan Euskalduna hiru aldiz eta Baluarte goraino beteta ikustea surrealista samarra izan da, eta 2026a ondo etorriko zaigu hau guztia barneratu, gozatu, dastatu, eta indarberritzeko, datozen pausoak era berean gozatu ahal izateko.
Finlandian eta Japonian jotzeko aukera ere izan duzue. Zer moduzko esperientzia izan da atzerrian jotzea, ezagutzen ez zaituzten tokian bidea egin beharra, Euskal Herrian bizi duzuenarekin kontrastean?
Alde batetik, hankak lurrean jartzeko modua da. Euskal Herrian jende mordoa etortzen da kontzertuetara, baina hankak lurrean izan behar dira, zeren Japoniako hotel batean bi pertsonarentzat jotzen ari gara, eta oraindik borroka handia egin behar da taldeak aurrera jarraitzeko, eta publikoa konbentzitzen jarraitzeko. Beraz, bira horiek oso ondo etortzen zaizkigu lur hartzeko, eta Euskal Herrian bizi dugun burbuila moduko honetatik irteteko.
Eta beste aldetik, hizkuntzarena. Hasieran horrelako birak planteatu izan ditugunean, erantzuna “euskaraz Londresera, Estatu Batutara, Japoniara, Finlandiara? Ingelesez abestuko bazenute, agian hobe izango litzateke” izan da. Euskaraz sortutako taldea da, euskaldunak gara, euskaraz ateratzen zaizkigu kantuak eta guk sinesten genuen horretan, baina segurtasun eza ere sortzen ziguten komentario horiek. Bideak erakutsi digu guztiz kontrakoa dela, euskarak ateak itxi beharrean, ateak ireki dizkigula.
Estatu Batuetan egon ginen jaialdi batean, eta talde euskaldun bakarra ginen, gainerakoak amerikarrak ziren. Gainera, publikoa ez zen euskalduna, ez zekiten ezer Euskal Herriari ta euskarari buruz, eta hala ere dantzan eta barrezka aritu ziren. Asko gozatu zuten gurekin batera. Bereizgarri bat genuen: oso hizkuntza berezia eta ezezaguna besteentzat. Beharbada gaztelaniaz edo ingelesez abestu izan bagenu, beste talde bat gehiago izango ginen. Euskarak bereizgarri bat eskaini digu, ateak irekitzeko eta publikoaren jakin-mina pizteko erreminta bat eman digu, gaur egun bizi garen mundu globalizatu eta homogeneo honetan lortzen oso zaila dena. Beraz, nazioarteko bira hauen inguruan azpimarratuko nuke euskarak zer nolako indarra eman digun eta zenbat ate ireki dizkigun, jende askok pentsatzen duenaren kontra.
Kantu berria plazaratu zenuten irailean: ‘7Kale’. Geldialdiaren aurreko oparia izan da zaleentzat?
Bai, azkenengo bira honetan sentitu dugunetik sortu da. Bulegoren birarik ederrena izan dela uste dut. Oso plaza esanguratsuetan egon gara: sanferminetan txupinazo egunean, Gasteizen ere txupinazo egunean, Jazzaldian... Oso-oso kontzertu ederrak izan dira, baina bagenekien kontzertu bakoitzak geldialdira gerturatzen gintuela. Betirako ez dela jakin arren, bertigoa ematen digu urtebete eszenatokirik zapaldu gabe egoteak. Barruan sentitzen dugun nostalgia edo pena moduko hori islatzen du kantuak, baina baita gozamena ere.
Itzulerako kontzertua ere Bilbon izango da, Bilbao Arenan, 2027ko martxoaren 6an. Denbora asko falta da oraindik, baina gauzak goiz iragartzeko joera zabaldu da gaur egun...
Bai, egia esan zalantza izan genuen iragarpena hainbeste aurreratzearekin, baina iruditzen zitzaigun polita izango zela Euskaldunara etorritako jarraitzaile guztiengan pentsatuta. Geldialdia egingo dugu, ez dugu kontzerturik eskainiko 2026an, baina ez da haserretuta gaudelako, nekatuta gaudelako... Helburua orain arteko pausorik politenak sortzea da. Horregatik erabaki genuen itzulerako kontzertu horren berri ematea. Azken aldian bada epe luzera egiteko eta iragartzeko joera. Lehen beharbada ekitaldi txikiagoak egiten ziren, epe laburrera, eta orain ekitaldi handiagoak eta epe luzera. Baina gure jarraitzaileei itzuliko garela esateko izan da.
Beraz, lan berri batekin edo behintzat kantu berriekin itzuliko zarete 2027an?
Bai, kristoren ilusioa daukagu eta geldialdiaren arrazoi nagusia hori da: sorkuntzari kalitatezko denbora eskaintzea. Gure bizi guztia pasatu dugu sorkuntza beste gauza batzuekin uztartzen: ikasketak, lana.... Orain Bulego gure ogibidea da, eta birekin uztartu izan dugu sorkuntza eta hori guztia. Bagenuen gogoa sorkuntzari tartea egiteko, lokalean orduak pasatzeari, instrumentuak aztertzeari eta soinuak bilatzeari. Eta hori da 2026an egingo duguna. Ez dakigu zer forma hartuko duen sorkuntzak, eta orain arteko pausorik arriskutsuena izan arren, ilusio gehien ematen digun pausoa ere bada. Pribilegioa da sorkuntzari kalitatezko denbora eskaintzeko urtebetez gelditu ahal izatea.