Tin Boat to Tuna Town ****
AEBetako Piranhas-en arituriko zenbait taldekidek abiaturiko egitasmo hau definitzea benetan zaila da. Iaz zendu zen Captain Beefheart musikari aparta datorkit burura ("blues kubista" egiten zuela zioen). Aipaturiko estilo horretatik eta jazzetik abiatzen den punk garaikidea eta bitxia da Druid Perfumena. Horren erakusle, haize instrumentuek (saxoa eta tronpeta) eta ahots urratuak grabazio honetan egiten duten lan borobila. Horrek guztiak egiten du talde honen jarioa berezia eta, era berean, erakargarria. Ornette Colemanen zalea zein Butthole Surfers taldearen jarraitzailea harrapatuko ditu, modu errazean gainera, horretarako ez baitu entzunaldi askorik exijitzen.