“Time for change”

Bitxia da Apache Indianen ibilbidea. India eta Jamaikako odola du zainetan, eta hasieratik, bi lurralde horietako musikarekiko maitasun harremana bultzatu du. 1998an, bere zigiluaren eskutik, gailurra ukitu zuen "No Reservations" disko dantzagarriarekin. Ondoren, beherako bidea azkarrago egiten dela ikusi ahal izan zuen. Orain, oihartzunik eduki ez duten disko batzuk kaleratu eta gero, bueltan dator galdutako nazioarteko ospea berreskuratu nahian. Horretarako, "Israelites" kantuaren bertsioa egin du Desmon Dekker-ekin, eta Luciano edo Gunjanen kolaborazioak izan ditu, beste abeslari batzuen artean. Asmo ona baino zerbait gehiago beharko du.