TikTokeko joera berria: "gerri-bihotza"
Bihotz formako irudiak eratzeko moduak ugaltzen ari dira sare sozialetan.
Sare sozialek berebiziko indarra dute hainbat eduki biral bihurtzeko. Bideo jakinak hedatzeaz gain, norbait erronkaren bat egiten agertu eta erronka hori gaitza bezala zabal daiteke, eta azkenerako joera bilakatu.
Bi eskuekin bihotz forma egiteko joera zabaldua zegoen aspaldi, baina TikTok eta Instagramen irudi hori sortzeko beste modu bat topatu dute orain, gerria erabilita. Esku bat jartzen dute agerian duten gerrialdearen kontra, gerriko berezko kurba erabilita bihotz bat osatzeko. Ohikoa da emakumeen artean, sarritan fitness-arekin lotutako bideoetan.
Aurretik izandako beste joera bati, "bizep-bihotza" izenekoari, erantzunez sortu da. Kasu hartan, fitness munduko jendeak besoa tolesten zuen bihotz bat osatzeko moduan. Hala, jendeak argazki mota hori partekatu zuen sareetan.
Zer diozu? Zuk ere joera honekin bat egingo duzu ala nahiago duzu jaramonik ez egin?