TikTok-eko hainbat emakume zenbait gizonezkoren iruzkin desegokiengatik kexatu dira

Emakumeek sortutako edukia emakumeengana iristea nahi dutela nabarmendu dute, eta algoritmoa horretan trebatzeko laguntza eskatu diete emakumeei.

"Kaixo, neskak bazarete gurekin elkarreraginean aritu al zaitezkete? Gizon arraro askok jarraitzen gaituzte eta ezin dugu Get Ready With Me (Prestatu nirekin) eta halakorik igo iruzkin misoginorik jaso gabe".

Halako mezuak dituzten bideoak ugaritzen hasi dira TikToken azkenaldian. Ez da kontu berria sare sozialak gizarteko aje askoren isla direla, baina anonimotasunak eta aurpegirik eman behar ez izateak, kalean eta jendaurrean esango ez lituzketenak esateko aukera ematen die zenbait gizonezkori. Iruzkin eta mezu pribatu desatseginak eta misoginoak jasotzen dituztela salatzen ari dira TikTok-eko emakumezko erabiltzaileak.

Ez dute halako jarrerak dituzten gizonezkoek euren bideoak ikusterik nahi, baina emakumeengana iristeko ere trabak izaten dituzte antza, @dariduu kontuko erabiltzaileak azaldu duenez. Nesken lagunik onena izan nahi duela aipatu du, baina TikTokek bere bideo gehienak mutilei bakarrik erakusten dizkiela kexatu da: "Bideoak iruzkin iraingarriz betetzen dituzte, ulertzen ez nautelako, neska baten ikuspuntutik hitz egiten dudalako. Emakumearen etsairik handiena emakumea dela esaten dute, baina nire bideoak emakumeengana iristen direnean, atsegiteak eta iruzkin onak izaten ditut. Bideoak gorde eta partekatzen dituzte. Emakumeek ez naute iraintzen, ez dituzte lekuz kanpoko iruzkinak egiten... Bakea izaten da nire TikTokean. Eta nik bakea nahi dut. Beraz, emakumea baldin bazara eta nire bideoak interesatzen bazaizkizu, elkarreraginean aritzeko eskatuko dizut, zure horman atera daitezen. Ez dut halako mutilek ikusterik nahi, nazka-nazka eginda nago". 

Ildo beretik, @miss.loot erabiltzaileak ere neskei deia egin die egoera horretatik ateratzen laguntzeko. TikTok-ek bere bideoak gizonezkoei bakarrik erakusten dizkiela adierazi du, eta "milaka gizonek" jarraitzen dutela. Bere edukia, orokorrean, neskentzat edo LGTBIQ+ kolektibokoentzat dela esan du: "Zuen laguntza behar dut, hemendik atera nazazue".

TikTok-en algoritmoa aldatzea da euren esperantza, emakumeengana iritsi eta halako jarrerak dituzten gizonezkoen iruzkin eta mezuetatik libratu ahal izateko. Dirudienez, algoritmoa trebatzea zenbait gizon euren jarrera aldatzeko trebatzea baino errazagoa da. Noiz arte iraungo ote du honek?