The Namesake (El buen nombre/Un nom pour un autre) ***
The Monsoon Wedding komedia gogoangarriaren egilea erroetara itzultzen da Jhumpa Lahiri idazlearen eleberri ezagunena oinarri duen film honekin. 70eko hamarkadan, Calcutta atzean utzi eta New Yorkera joan ziren bizitzera Ashoke eta Ashima ezkonberriak. Hantxe jaio ziren haien seme-alabak. Hasiera batean, senar-emaztearen bizipenen bidez indiar etorkinek gizarte estatubatuarrean egokitzeko dituzten arazoak islatzen ditu Mira Nairrek. Segidan, Gogol gazteak bikotearen seme zaharrenak nozitzen duen barne borrokan ardazten du begirada. Unibertsitatean hezia, neska-lagun zuria du eta ez zaizkio bere sustraiak gehiegi axola. Tradizioaren eta modernitatearen arteko talkaz ez ezik, etorkinen nortasunaz ere gogoeta egin du Nairrek drama sotil honetan.