The Evidence of Absence
Krisiak jotako herrialde batean, ekonomiaren gainbeherak musikan izan dezakeen eragina hutsala da. Grezia osoan eta, batez ere, Atenas eta Tesalonikan dabiltzan maila handiko taldeak metal eszenaren osasunaren erakusle dira, nahiz eta euren mugetatik harago oihartzun handirik ez izan. Horren adibide da Atenaseko Hedvika taldearen lehen lan hau. ISIS edo Cult of Luna munstroen eraginpean eta produkzio lan bikainari esker, berezko izaera duen disko borobila lortu dute. Gitarra astun eta ahots basatiek zuzenduta, agerian geratu da, oraindik ere, oilo ipurdia jartzen diguten post metal taldeak sor daitezkeela munduko edozein tokitan.