Telesailen bizitza laburra
Telesailen denboraldiak geroz eta laburragoak dira; zergatik ote?
Inoiz baino telesail gehiago dauden garaiotan, geroz eta denboraldi laburragoak izaten dituzte; askok, 3. denboraldiaren madarikazioaz hitz egiten dute, izan ere, Netflix bezalako plataforman gutxi dira 3. denboralditik aurrera jarraitzen duten telesailak. Telesail horiek badute bere publikoa, asko oso arrakastatsuak dira; orduan, zergatik ez dute aurrera egiten?
Joera hau ez da beti horrelakoa izan; arrakasta handiko telesailek izan dituzte denboraldi luzeak, hala nola, The Simpsons (30 denboraldi), Doctor Who (26 zahar eta 12 berri denboraldi), Grey's Anatomy (16 denboraldi), CSI (15 denboraldi), Friends (10 denboraldi), Lost (7 denboraldi)... orduan, zergatik orain ez dira pare bat denboraldi baino gehiago luzatzen?
Netflixen telesail originalen artean ez dira 14 baino gehiago 4 denboraldi baino gehiago izan dituztenak, eta horietako 9 dagoeneko amaitu dituzte. Gainera, guztietatik bat berak ere ez du 100 kapituluko langa igarotzea lortu. Soilik haurrentzak marrazki bizidunen atalean topatu ditzakegu telesail luzeak.
Telesail motzagoen estrategia hori ez da oso ulergarria; egia da ikusleak ez direla telesail bakar bat ikustera mugatzen, eta aldiz, laburtasun horrek telesailen artean mokoka aritzera behartzen gaituela, baina horrek izan dezake ere eragin negatiborik, izan ere, zertarako telesail batekin hasi segituan amaituko bada? Badirudi Netflixen estrategia beste bat dela; indar handiarekin hasten diren telesailak egin, jendea harrapatu, eta segituan beste indar handiko telesail bat atera, jende berria erakartzeko.